Politika -

Vox

Espainiako ultraeskuinak 200 bat manifestari bildu ditu Euskal Herrian

Iruñean 100 bat jarraitzaile elkartu dira soilik, Bilbon 40 bat pertsona, beste 40 bat Donostian eta dozena bat manifestari Gasteizen.

Espainiako ultraeskuinaren elkarretaratzea Gasteizko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
Espainiako ultraeskuinaren elkarretaratzea Gasteizko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte Voxeko jarraitzaileek

1:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udaletxeen aurrean 100 bat pertsona elkartu dira Espainiako banderekin, Vox ultraeskuineko alderdiak deituta, "Espainia existitzen da" lelopean. Ertzaintzaren dispositiboek segurtasuna bermatu dute.

Aldi berean, Voxeko beste 100 bat kidek elkarretaratzea egin dute Iruñean, España Existe plataformak deituta. Euskal Herria Antifaxista kolektiboko gazteek aurre egin diete. Bi manifestazioak elkar iraindu dira.

Eguerdian, Voxeko kideak, Espainiako banderekin eta PSOEren zein Pedro Sanchez presidentearen aurkako kartelekin, bildu dira Udaletxe plazan, Iruñeko udaletxearen aurrean, "Konstituzioa eta subiranotasuna errespetatzen duen gobernu baten alde" lelopean.

Elkarretaratzean Espainia, Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Armada goratu dituzte manifestariek, eta askatasunaren eta Konstituzioaren aldeko oihuak egin dituzte.

Javier Hornos Nafarroako Voxen gestorako presidenteak eta Mila Eraso azken hauteskundeetan ultraeskuineko alderdiaren hautagaiak Pedro Sanchezen politiken aurkako manifestu bat irakurri dute protestan.

11:45ean, Euskal Herria Antifaxista kolektiboko 100 bat gazte Mercaderes kaletik abiatu eta Santo Domingo kaletik Udaletxe plazara heltzen saiatu dira, baina Espainiako Poliziak eragotzi die.

Manifestación de ultraderecha en Pamplona/Iruñea. Foto: EFE

Ultraeskuinaren manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE

Horrela, metro gutxi batzuk urrunduta, poliziak erdian zituztela, bi taldeetako manifestariek elkarri irainak oihu egin dizkiete; "cuneteros", Voxeko kideei, edo "hiltzaileak", gazte antifaxistei.

"Pistolarik gabe ez zarete ezer", aurpegiratu diete Voxeko kideek gazteei. "Bizkartzainik gabe ez zarete ezer", erantzun diete.

Ordu erdi irainak elkarri esaten eman ondoren, tentsio handiko giroan, España Existe plataformako manifestariek elkarretaratzea amaitutzat jo dute, eta Udaletxe plazatik joan dira, baita Euskal Herria Antifaxistako gazteek ere, baina azkenak Poliziaren zaintzapean.

Contramanifestación antifascista en Pamplona/Iruñea. Foto: EFE

Elkarretaratze antifaxista Iruñean. Argazkia: EFE

Bilbo

Bilbon, 40 bat pertsonak babestu dute deialdia. Valeriano Arrieta Bizkaiko Voxen bozeramaileak adierazpena irakurri du.

"Espainiako subiranotasuna" aldarrikatu du Arrietak, "separatismoaren menpe dagoen Gobernu batek mehatxatzen duelako". Amaieran Espainiako ereserkia entzun dute. Gazte batek txistu egin eta "Gora Euskadi!" oihukatu du, baina ez da istilurik izan.

Ertzaintzako dispositibo zabal batek ekitaldia babestu du. Zortzi furgonetak eta ibilgailuk, helikoptero batek eta udaltzainek osatu dute hesia.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzak "zenbait pertsona" identifikatu eta "espediente bat" zabaldu du, elkarretaratzearen aurka protesta egin dutenen artean.

Donostia

Donostian, beste 40 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Espainiako bandera handi batekin.

Era berean, Ertzaintzak elkarretaratzea babestu du. Juan de Dios Davila Gipuzkoako Voxen Kongresurako hautagai ohiak manifestua irakurri du. "Ordena konstituzionalaren etsaiei aurre egiteko" eskatu dio Gobernuari, eta Pedro Sanchez presidenteari "Puigdemont kolpista atxiloturik ekartzea" exijitu dio.

Protesta txalo artean eta Espainiari eta erregeari bibaka amaitu da.

Contramanifestación en Vitoria-Gasteiz. Foto: EFE

Elkarretaratze antifaxista Gasteizen. Argazkia: EFE

Gasteiz

Azkenik, Gasteizen dozena bat pertsonak parte hartu dute Voxek antolatutako elkarretaratzean, Espainiako bandera bat esku artean zutela. Espainiako herriaren subiranotasuna eta Konstituzioa errespetatzeko eskatu diote Pedro Sanchezen Gobernuari eta, besteak beste, "ordena konstituzionalaren etsaiei" aurre egitea exijitu diote agintariari.

Ikurrina, bandera errepublikar eta "Gora borroka feminista" pankarta baten atzean pertsona talde batek aurka egin dio elkarretaratzeari. Independentziaren eta borroka feministaren aldeko leloak oihukatu dituzte.

Manifestua irakurri eta minutu batzuk udaletxe aurrean eman ondoren, txistu eta oihu artean alde egin dut: "zuek faxistak zarete terroristak". Ertzaintzak eta Udaltzaingoak babestu behar izan dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Vox Eskuin muturreko mugimenduak