Politika -
Eusko Jaurlaritza
Oposizioak Gogoraren kontratuei buruzko azalpenak eskatu dizkio Jaurlaritzari
Horrez gain, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Eusko Legebiltzarrean Aitor Elorzaren agerraldia eskatu dute, Montai enpresa taldeko administratzaile bakarrarena.
Agencias | Redacción
Oposizioak Gogora institutuaren kontratuei buruzko azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Memoriaren Institutuak hainbat kontratu egin ei zituen EAJko militante batek zuzendutako Montai enpresarekin.
Horren ildotik, eldiario.es egunkariaren arabera, Gogorak 22 alditan modu zuzenean egin zituen kontratuak Montai enpresarekin, eta beste 6 modu ez zuzenean, 762.886 euro ordainduta.
EH Bilduk hainbat ekimen proposatu ditu
Alde Batetik, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean hainbat ekimen proposatu ditu Eusko Jaurlaritzako hainbat erakundek eta departamenduk Montai taldearekin egindako "kontratuek legaltasuna betetzen duten argitzeko".
Josu Estarrona legebiltzarkidearen esanetan, badirudi Jaurlaritza eta Elorzaren enpresak (Montai Produkzioak, Denok Zuzeneko Komunikazioa, Estali La Karpa eta Kultur Kirol Zerbitzuak) koordinatuta zeudela "Administrazio Publikoarekiko kontratuetan aldeko tratua emateko".
Montai enpresak antolatutako hainbat ekitaldiren inguruko informazioa ere eskatu du Estarronak, hala nola Iñigo Urkullu lehendakariaren agintaldiko lehen 100 egunak ospatzeko ekitaldiaren eta 2016ko maiatzean frankismoaren biktimei antolatuko omenaldiaren ingurukoa.
"Deigarria da duela gutxi sortutako zenbait enpresak, kasuren batean langilerik gabekoak oraindik, ia segidan kontratatuak izatea”, azpimarratu du Estarronak. "Enpresako hainbat langile EAJ alderdiko militante nabarmenduak direnean, garrantzitsua da kontratu hauetan enpresen arduradunak zerikusirik izan ote duen jakitea” gehitu du.
Beraz, EH Bilduko parlamentariak Elorzaren enpresek Jaurlaritzarekin, Gogorarekin eta erakunde eta sozietate publikoekin izandako kontratuen espedienteak eskatu ditu.
Gainera, koalizio abertzaleak azalpenak eskatuko dizkio Urkulluren Gobernuari urteko lehen kontrol saioan, otsailaren 7an.
Elkarrekin Podemosek "klientelismoarekin bukatzeko" eskatu du
Beste alde batetik, Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari "irmotasuna" eskatu dio "klientelismoarekin bukatzeko". Horrez gain, Aitor Elorzak Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu du.
Cristina Macazaga koalizioko parlamentariak azaldu duenez, abenduan bere taldeak honako enpresei esleitutako kontratuak eskatzeko iniziatiba jarri zuen abian. "Irregulartasun posibleak" Gogora Memoriaren Institutuko eta Lehendakaritzako, Gazteria Zuzendaritzako edota Hazi edo EiTB erakundeetako kontratuei eragiten die.
Horregatik, Elkarrekin Podemos taldeak Eusko Jaurlaritzak edo erakunde honen gainerako beste aholkularitza, departamentu edota bestelako taldeek esleitutako kontratuak eskatu ditu.
Ostiral honetan Gogora Memoria Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrorekin bilduko direla esan du.
Alonso: "Urkullu da arduradun politikoa"
Bukatzeko, Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea "oso kezkatuta" agertu da Eusko Legebiltzarrari eragin diezaiokeen informazio hauekin. Gainera, Urkulluri "ardura politikoa" izatea egotzi dio.
PPk gogorarazi duenez, Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariari, eta Urkulluri ere gaiaren gainean galdetuko diola azpimarratu du.