Politika -
Frantzia
Josu Urrutikoetxea Espainiaratzea onartu du Frantziako Justiziak
Erabakia Frantziako Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke oraindik.
Agentziak | Erredakzioa
Parisko Apelazio Auzitegiak Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohia Espainiara estraditatzearen alde egin du asteazken honetan, 1987an Guardia Zibilak Zaragozan zuen kuartel etxearen aurka egindako atentatuagatik; atentatu horretan, hamaika pertsona hil ziren, horietako sei haurrak.
Erabakia Frantziako Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke oraindik.
Aldi berean, Espainiak igorritako beste hiru entrega eskaeren inguruko zehaztasunak eskatu dizkio auzitegiak Espainiako Justiziari: estradizio-eskaera bat eta bi euroagindu.
Eskaera horiek martxoaren 4an berrikusiko dituzte, Espainiari eskatutako informazio osagarria jaso ondoren.
Madrilgo Auzitegi Nazionalak emandako bi euroaginduak gizateriaren aurkako krimenengatik epaitzeko dira, 2004 eta 2007 arteko atentatuak erabakitzen zituen taldeko buruzagitzako kide izateagatik eta herriko tabernen bidez taldea finantzatzeagatik.
Estradizio-eskaera (ez da euroagindu bat, lankidetza judizialerako tresna hori indarrean sartu aurretik eman baitzen) 1980an Gasteizen Michelineko zuzendari Luis Herguetaren hilketagatik da.
17 urtez ihesean egon ostean, maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea Frantziako Alpeetan. Kartzelan dago ordutik.