Politika -

Inbestidura

Sanchez presidente inbestitu dute, bozketa estu baten ostean

Azkenean, ez da sorpresarik izan: PSOEko hautagaiak, aurreikusita zegoenez, 167 diputatuen babesa jaso du, eta 18 abstentzio izan dira (ERC eta EH Bildurenak). 165 diputatuk ezezko botoa eman dute.

Pedro Sanchez, bozketaren emaitza egiaztatuta. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez, bozketaren emaitza egiaztatuta. Argazkia: EFE.
Pedro Sanchez presidente aukeratu dute

1:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi botoren aldea lortuta (167-165), Pedro Sanchez PSOEko hautagaia Espainiako Gobernuko presidente inbestitu dute astearte honetan. Inbestidura-eztabaidako bigarren bozketan lortu du babesa Sanchezek; bozketa hori oso estua izan da, aldea oso txikia izan baita eta, halaber, PPk, Voxek eta Ciudadanosek zirikatutako transfugismo-mehatxuagatik.

Sanchezek gehiengo soila behar zuen oraingoan, hau da, aldeko botoen kopurua kontrako botoena baino handiagoa izatea, eta PSOEko diputatu guztien babesa bereganatu du, bai eta Unidas Podemoseko diputatuenak, EAJrena, Mas Paisena, Compromisena, Nueva Canariasena, Teruel Existerena eta BNGrena ere; guztira, 167 boto. ERC eta EH Bildu abstenitu egin dira (18 abstentzio izan dira). PPk, Voxek, Ciudadanosek, JxCatek, CUPek, UPNk, PRCk eta Coalicion Canariak (Ana Oramas diputatuk ez du bete alderdiko zuzendaritzak agindutakoa), alegia, 165 diputatuk, ezezko botoa eman dute. Bozketa amaituta, Pedro Sanchezek banan-banan agurtu ditu inbestidura posible egin duten diputatu guztiak.

Bilkura 12:00etan hasi da, Pedro Sanchezen hitzaldiarekin. "Blokearen gehiengoarentzat baino, gehiengoa duen gobernuarentzat" babesa eskatu du. 15 minutu baino gehiago iraun duen agerraldi batean, gogorarazi du azken bost hauteskundeetan "emaitza bera" izan dela, "ez da kasualitatea, demokrazia du izena", erantsi du.

Sanchezek azpimarratu duenez, "onartezina da jardun betean ez dagoen gobernu baten faltan" egotea, eta konpromisoa hartu du talde parlamentarioekin batera "gehiengoa duen gobernu bat" ahalbideratzeko, "blokeoaren gehiengoaren aurrean".

Buruzagi sozialistaren ustez, "gure lehen betebeharra herritarrei bozkatu dutena ematea da, alegia, gobernu bat osatzea". Horren ildoan, nabarmendu du koalizio gobernua dela "osa daitekeen gobernu aukera bakarra". Horren ildoan, oposizioari hauteskundeetako emaitzak onartzeko aholkatu dio; "utz ezazue kasketaldia", gomendatu die.

"Egoera tenkatu duzue, baina listo, ez duzue lortu: koalizio aurrerakoi batek gobernatuko du", nabarmendu du.

Ondoren, talde parlamentarioen bozeramaileek hartu dute hitza.

Taldeetako bozeramaileen adierazpenak

Pablo Casado (PP) izan da tribunara igotzen lehena. Hitz gogorrak izan ditu Sanchezen kontra, eta espainiarrak "masiboki engainatzea" leporatu dio. Unidas Podemosekin batera eta independentisten eta EH Bilduren babesarekin osatuko duen gobernua "ultra" dela esan du. Casadoren ustez, "mundu guztiak daki ez dela ondo amaituko, historiak ez zaitu absolbituko (Sanchezi zuzenduta)".

Ildo beretik mintzatu da Santiago Abascal ere (Vox). "Komunistekin" —Unidas Podemosi erreferentzia eginda— "legitimitaterik ez" duen gobernu bat osatzea egotzi dio Sanchezi, "iruzurrean eta gezurrean" oinarrituta egongo dena, eta "ETAren onespena" izango duena.

Oso bestelakoa izan da Pablo Iglesiasen tonua. Sanchezi "irmotasun demokratiko handiena" eskatu dio "intoleranteen mehatxuen aurrean". Unidas Podemosen buruzagiak ohartarazi duenez, "garenagatik egingo digute eraso, ez egiten dugun horrengatik".

Talde Anitzeko kide diren bozeramaileen hitzaldien ostean, Gabriel Rufian ERCko bozeramailearen txanda heldu da. Rufianek Montserrat Bassa diputatu eta Dolors Bassa presoaren ahizparen esku utzi du hitzaldia. Bassak "preso politiko baten senitarteko bezala" hitz egin du, eta aitortu du berak "amorruagatik", 'ez' bozkatuko lukeela. "Niri bost axola Espainiaren gobernagarritasuna", bota du. Dena dela, berretsi du bere taldeak abstentziora joko duela, "hitza indarkeriaren aurretik dagoela uste dugulako".

Ines Arrimadasen (Ciudadanos) agerraldiaren ostean, Aitor Esteban EAJren diputatua igo da tribunara. Inbestidurako lehen saioan izandako oihu eta mehatxuak kritikatu ditu eta Espainiako erregea hartu du ahotan. Gogorarazi duenez, "Pedro Sanchezen inbestiduran bagaude, erregeak hala izan izan duelako da. Monarkia erakunde bat gehiago da, kritikatu daiteke". Estebanek "bai" bozkatuko dutela baieztatu du: "Estatuko krisi honetatik ateratzeko, blokeotik ateratzeko".

"Gutako asko lotsatuta irten ginen larunbateko eta igandeko ikuskizuna ikusita, eta gaur ere ematen du antzeko zerbait gerta litekeela. Baina Kongresu honetan, erregeari buruz, zenbait gauza esan izan dira, aurreko egunekoak baino kontrakoagoak ere; eta horrela jarraitu behar du, Estatuko Buruzagitza beste erakunde bat delako, eta Ganberari men egin behar diolako", adierazi du Estebanek.

Ondoren, Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile ondokoaren txanda izan da. Une horretan Voxeko diputatuek hemizikloa utzi dute. Matutek bere taldearen abstentzioa berretsi du, eta gogora ekarri ditu "etxeko, egoitzetako eta garbiketako langileak, hoteleko logela-garbitzaileak, bekadunak, metalgintzako langileak… euren eskubideen alde borrokatu dute". Matuteren arabera, "Estatuko eta munduko herri guztiok gaude bilduta gauza batengatik: klase berekoak garela".

Koalizioaren bozeramaileak hauxe esan dio Casadori: "Biktima guztientzat, egia, justizia eta ordaina. Guztientzat. Urtero, azaroaren 10ean biktimen aldeko omenaldia dagoela. EH Bildu han egoten da, baina PP ez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak