Politika -

Eztabaidaren bigarren eguna

EH Bilduk 'laguntza' eskaini du Espainiar Estatuaren 'demokratizazioan' sakontzeko

Mertxe Aizpurua bozeramaileak koalizio abertzalea abstenitu egingo dela iragarri du, 'aukera' bat zabaltzeko.

Euskal Herria Bilduren bozeramailea Kongresuan, Mertxe Aizpurua. Argazkia: EFE
Euskal Herria Bilduren bozeramailea Kongresuan, Mertxe Aizpurua.
Eskuinak irain larriak jaurti ditu EH Bilduren kontra

2:07

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramailearen hitzaldiarekin hasi da, Diputatuen Kongresuan, Pedro Sanchez sozialista Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaiaren inbestidura eztabaidaren bigarren jardunaldia, igandean, 9:00etan.

Bere hitzaldian, Aizpuruak Pedro Sanchezi gogorarazi dio ezker independentistarik gabe ezingo duela gobernua osatu, eta horregatik ohartarazi dio ez badu Estatua demokratizatzen eta nazioaniztasuna eta autodeterminazio eskubidea ez baditu errespetatzen, aurrean izango du EH Bildu.

"78ko erregimena zuritu nahi baduzu, aurrean izango gaituzu", esan du bozeramaileak, eta "autonomismoa konponbidea ez dela" gehitu du, "bide hori agortuta dagoelako".

Hala ere, buruzagi sozialistaren jarrera aldaketa balioetsi du, Sanchezek onartu zuelako sentimenduak ezin direla inposatu eta gatazka politikoak politikaren bidez konpontzen direla esan zuelako, eta deriba judiziala aipatu zuelako.

Aldaketa hori aintzat jartzen duen arren, bozeramaile abertzale eszeptiko agertu da Sanchezen "benetako borondate eta gaitasunaren" gainean. "Itxura eta estetika ez da nahikoa, ez da nahikoa Fronte Popularra gogorarazten gaituen halo historiko bat; ekintzek hitz egingo dute zuei buruz", nabarmendu du.

Erreferendum bat eskatu dio Sanchezi, Eskozian egin den bezala, eta sozialista eta bere hurrengo Gobernua Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako arazoak konpontzeko "azken trena" direla esan du.

Presoak hurbiltzea ere eskatu du Aizpuruak, "anakronia bat eta injustizia krudel bat" delako.

Hautagai sozialistak eskerrak eman dio inbestidura ahalbidetzeagatik, eta Konstituzioaren barruko Autonomien Estatua defendatu du, eta azpimarratu du euskal gizartea anitza dela, bere burua euskal herritartzat zein espainiartzat duten herritarrekin.

"Honakoa aukera handia izan daiteke, euskal herritarren arazoentzat garrantzitsuak diren elementuetan arreta jartzen badugu. Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidan geratzen bagara, porrota izango da", gehitu du Sanchezek.

Etenaldiak eta irainak

Aizpuruaren hitzaldia etengabe moztu dute PP, Ciudadanos eta Voxeko diputatuek botatako oihuek eta irainek, batez ere bozeramaileak Arnaldo Otegi aipatu duenetik aurrera.

Pablo Casado buruzagi popularrak "zuek gu hiltzen gintuzuen" bota dio, eta Santiago Abascal Voxeko liderra Kongresutik joan da "entzuten ez jarraitzeko".

Eskuineko eserlekuetatik, zenbait diputatuk "hiltzaileak" eta "terroristak" oihukatu diote Aizpuruari, eta bozeramaile abertzalearen hitzaldiaren ostean, gehienek "gora Espainia", "gora Erregea" eta "kanpora, kanpora" esan dute.

Zalapartan, Kongresuko presidente Meritxell Batetek adierazpen askatasunari errespetua izan diezaioten eskatu du, eta Pablo Iglesias Podemoseko bozeramaileak eta Jose Luis Abalos jarduneko Sustapen ministroak lasaitasuna eskatu dute.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuari 'hiltzaileak zarete' oihukatu diote
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuari 'hiltzaileak zarete' oihukatu diote
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuari 'hiltzaileak zarete' oihukatu diote

4:10

Behin baino gehiago hitza hartu behar izan du Batetek, Espainiako eskuinaren protesta zaratatsuaren ostean.

Kongresuko presidenteak Parlamentuan jarrera politikoak hitzaren bidez defendatzearen alde egin du, "eta ez oihuaren eta irainaren bidez". Eztabaidan, baieztapen "zentzugabeak", "gaitzesgarriak" eta "faltsuak" entzun dituela esan du, baina bere betebeharra adierazpen askatasuna bermatzea dela.

PPk eta Ciudadanosek EH Bilduko diputatuaren hitzaldia kritikatu dute
PPk eta Ciudadanosek EH Bilduko diputatuaren hitzaldia kritikatu dute
PPk eta Ciudadanosek EH Bilduko diputatuaren hitzaldia kritikatu dute

5:42
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak