Politika -

Eztabaidaren lehen eguna

Rufian (ERC): 'Elkarrizketa mahairik ez baldin badago, legealdirik ez da izango'

Kataluniarekin "aldaroka ibili" izana aurpegiratu dio ERCko bozeramaileak Sanchezi. Rufianen hitzetan, sozialisten jarrera aldaketak "konplexuengatik" eta eskuinari "beldur" diotelako eman dira.

Gabriel Rufian ERCko bozeramailea Kongresuan.
Gabriel Rufian ERCko bozeramailea Kongresuan.
Hauteskunde-Batzordearen erabakia 'ageriko Estatu-kolpea' da, Rufianen hitzetan

1:46

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaia martxan jartzen ez baldin badute legealdirik ez dela izango ohartarazi dio Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak Pedro Sanchez presidentegai sozialistari.

"PSOEk hitza betetzeko" neurri bezala baldintza hori jarri du Rufianek inbestidura saioan. "Oso argi hitz egingo dut", adierazi du. "Mahairik ez baldin badago, ez da legealdirik izango", hiru aldiz errepikatu du.

Zentzu horretan, PSOEk "aurretik" halakorik egin izan duela gogorarazi du Rufianek, baina inbestidura akordioa hautsiko luke. "Berriro egin dezake", ohartarazi du. Mahaia martxan jartzen ez baldin bada, "ez diote alderdi bati iruzur egingo, Kataluniako herriari baizik", nabarmendu du.

Kataluniarekin "aldaroka ibili" izana aurpegiratu dio ERCko bozeramaileak Sanchezi. Rufianen hitzetan, buruzagi sozialistaren jarrera aldaketak "konplexuengatik" eta eskuinari "beldur" diolako eman dira.

"Progresista bat eskuinaren mehatxu edo irainen aurrean isildu den bakoitzean, eskubide bat galduta"

"Progresista bat eskuinaren mehatxu edo irainen aurrean isildu den bakoitzean, eskubide bat galduta", salatu du.

Urte eskas batean Kataluniako gatazkaren inguruan izan dituen jarrera ezberdinak zerrendatu dizkio Rufianek presidentegai sozialistari.

"Zerk eragiten du hainbeste zabu? Presidentegaiak gauza bat esatetik bestera esatera pasatzeko zer gertatu dela uste duzue, prime timen Fiskaltza bere esanetara dagoela harro adieraztera heldu zenean?", galdetu du.

Jarraian, Rufianek berak erantzun dio bere galderari: "jende honek", adierazi du PP, Vox eta Ciudadanoseko eserlekuak seinalatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak ERC