Politika -

Eztabaidaren lehen eguna

Iglesias: 'Gobernuak gizarte mugimenduen presioa beharko du gauzak ondo egiteko'

Halaber, preso eta "erbestean" dauden politikari katalanek akordioa ahalbidetzeko egin duten lana nabarmendu du Unidas Podemoseko buruak, eta eskerrak eman dizkie elkarrizketa bultzatzeagatik.

Pablo Iglesias (Unidas Podemos), Sanchezen inbestidura eztabaidaren lehen saioan. Argazkia: EFE
Pablo Iglesias (Unidas Podemos), Sanchezen inbestidura eztabaidaren lehen saioan.
Iglesias: 'Imajinatzen duzu ezkondu ezin izana PPren asmoa gauzatu izan balitz?'

2:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako koalizio-gobernuak gauzak ondo egin ahal izateko gizarte mugimenduen presioa beharko duela esan du larunbat honetan Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak. Bere hitzaldian, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen hitzak txalotu ditu.

"Hurrengo gobernuak gizarte mugimenduen kritika eta presioa beharko ditu gauzak ondo egiteko", adierazi du Kongresuan egin duen hitzaldian Podemoseko idazkari nagusiak. Sanchezen inbestidura aurrera ateraz gero, koalizio-gobernu horretako presidenteorde izango da Iglesias.

"Badakit askok, espetxetik, akordioa eta elkarrizketa babesteko lan egin dutela, eta tribuna honetatik eskerrak eman nahi dizkiet", esan du Pablo Iglesiasek inbestidura saioan.

Dena dela, independentistengandik bereizten dituzten gauza asko daudela adierazi du, eta independentistak izateari uzteko konbentzitu nahiko lituzkeela.

"Herrialde anitza elkarrekin eraikitzeko aukerez konbentzitu nahiko nituzke, herrialde honetan errepublikanismoa elkarrekin bultzatzeko aukeraz", adierazi du Iglesiasek. Dena dela, ERCrekin lotzen dituzten balio demokratikoak eta sozialak antzekotasun gisa azpimarratu ditu. Ildo horretatik, garrantzitsuena herritarren bizitza hobetzea dela ziurtatu du, "hitz egiten duten hizkuntza bata edo bestea izan".

Halaber, Europak Kataluniako "gatazka politikoari" konponbide judizial bat emateko ezintasuna argi utzi duela esan du Iglesiasek, eta, horrenbestez, legealdi berrian "politika" egiteko eskatu dio Behe Ganberako diputatu guztiei.

Alabaina, Iglesiasek uste du Exekutiboak botere ekonomikoen etsai asko izango dituela, "kaleko istiluak" sortuko direla, eta baita zuzenbidearen aurrean bere ikuspegi erreakzionarioa aurretik jarriko dutenak ere.

"Gobernu berriak legearekin bermatu beharko du demokrazia", azpimarratu du Iglesiasek, eta Pedro Sanchez jarduneko presidenteari zuzendu zaio, koalizio aurrerakoi historiko baten buru izango dela esateko.

"Guretzat ohorea da zuen ondoan egotea. Bai, aurrera egin daiteke, presidente", esan du Iglesiasek, eta jarraian sozialistarengana jo du besarkada bat emateko.

PSOErekin akordioa lortzeko hauteskundeak errepikatzea beharrezkoa izan zela aipatuta, "gauza garrantzitsuak ez direla lehen aldian ateratzen" esan du Iglesiasek. Halaber, etapa berriak gizarte aurrerakoia bultzatu eta demokrazia sendotu behar duela aldarrikatu du.

Horrez gain, Pedro Sanchezen hitzaldiak, koalizio-gobernuaren "programa, batzen gaituena eta herrialdearen erronkak" behar bezala definitu dituela nabarmendu du Iglesiasek. Hala, alderdikideen lana eskertu ostean, hurrengo Exekutiboa akordioaren testuaren izatea espero duela esan du.

Bestalde, Jaume Asens En Comuko bozeramaileak Espainiako Gobernuak aurre egin beharreko "erronka erraldoia" izan du hizpide, jokoan dagoena "ez baita nor izango den etorkizuneko presidentea, herrien eta demokraziaren arteko elkarbizitza baizik", adierazi du. Bere ustez, "errazagoa litzateke oposizioan egotea, hautagai sozialistaren alde egin gabe". Alabaina, egoera konplexua dela aitortu du, eta "arriskatu egin behar da".

Asensek, Katalunian duen esperientziara nabarmendu du, "herritarrak jipoitzen ez duen herrialde bat" aldarrikatzeko, eta herritarrei Gobernu berria kontrolatzeko eskatu die: "Ez gaitzazue bakarrik utzi eskuinak bere banderak astintzen dituenean".

Bestalde, Alberto Garzon Izquierda Unidako (IU) buruak, eskuinari ohartarazi dio Espainiako errealitatea "plurinazionala" dela, eta arazo politikoak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpondu behar direla. Halaber, eskuinak "gatazka piztu" nahi duela kritikatu du, "zenbat eta okerrago egon hobe delako".

Bestalde, krisi ekonomikoa eta PPren politikak eragin zituzten lan eskubideen murrizketak eta "atzeraldiak" bertan behera uzteko asmoz koalizio-gobernuak martxan jarri nahi dituen neurri ekonomikoei PPk eta Voxek "interes gutxi eta hutsala" eskaini izana salatu du Garzonek. Testuinguru horretan, PPren lan-erreforma indargabetzea eta gutxieneko soldata igotzea eskatu du, besteak beste.

Bestalde, koalizioak adostutako programan Galizia "presente" dagoela nabarmendu du Antonio Gomez-Reino Galizia en Comuneko diputatuak. Hala, "lasaitasunerako eta neurritasunerako" deia egin du, "baita egun batzuk barru osatuko den Gobernua defendatzeko mobilizazio demokratiko sendorako ere".

Reinok, Casadoren hitzaldia kritikatu du, eta ziurtatu du Espainiari egindako benetako "traizioa" ez dela gobernu berria, bere alderdiaren "80.000 milioi euro baino gehiagoko ustelkeria baizik”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pablo Iglesias Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak ERC