Politika -
Katalunia
Inhabilitazioa bertan behera uzteko eskatuko dio Torrak Gorenari helegite batean
Ehunka manifestarik elkarretaratzea egin dute Espainiako Poliziaren egoitza nagusiaren aurrean, Bartzelonan. Pailazo sudurrak jantzita protesta egin dute, "kokoteraino gaude" lelopean.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztuko duela jakinarazi dio Quim Torra Generalitateko presidenteak Bartzelonako Hauteskunde Batzordeari. Hauteskunde Batzorde Nagusiaren ebazpena behin-behinean bertan behera uztea eskatu dio Torrak Gorenari. Diputatu akta kentzeko eta inhabilitazioa aplikatzeko agindua eman zuen ostiralean.
Ostiraleko ebazpena betetzeko eta inhabilitazioa aplikatzeko ekinbiderik aurrera ez eramateko eskatu dio Torrak Bartzelonako Hauteskunde Batzordeari idatzi batean.
Ehunka manifestarik elkarretaratzea egin dute Espainiako Poliziaren egoitza nagusiaren aurrean, Bartzelonan. Pailazo sudurrak jantzita protesta egin dute, "kokoteraino gaude" lelopean.
SomRiure kolektiboak deituta, zenbait zutabe Bartzelonako Comercial plazatik abiatu dira, Born Kultura eta Memoria Zentroaren aurretik. Bertatik Via Laietanara jo dute, Espainiako Poliziaren egoitza nagusira arte. ANCk protestarekin bat egin du.
Pailazo sudurraz jantzita zeuden manifestari batzuek honako leloa zuten kartelak erakutsi dituzte: "kokoteraino gaude". Era berean, bandera independentistak astindu dituzte.
Elkarretaratzea Bartzelonan. Argazkia: EFE/Enric Fontcuberta
Poliziaren egoitzara heldu direnean, koreografia bat egin dute, Jordi Pesarrodona Sant Joan de Vilatorradako (Bartzelona) zinegotziak zuzenduta.
Independentziaren aldeko eta "okupazio indarren" aurkako leloez gain, "paselo bien", "estaca" eta "pailazorik gabe ez dago iraultzarik" abestu dute.
Martxan istiluak saihesteko, ANCko boluntarioek hesi bat osatu dute, eta manifestarien eta Poliziaren egoitzako atearen artean kokatu dira. Espainiako poliziak eta Esquadra Mossoak ere zabaldu dira zonaldean.
ANCk manifestazioa deitu du 16:30erako Ciudadela parkean, Quim Torra Generalitateko presidenteari babesa emateko, Hauteskunde Batzorde Nagusia ostiralean inhabilitazioaren alde agertu ondoren desobedientzia delitua egotzita.
Ordu berean osoko bilkura hasiko da Kataluniako Parlamentuan, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren erabakia errefusatzeko.