Politika -
EZTABAIDAREN LEHEN EGUNA
Pedro Sanchez: 'Ez da Espainia hautsiko, blokeoa baizik'
Hirugarren saiakeran, buruzagi sozialista bigarren bozketa gainditzeko akordioak itxita helduko da eztabaidara aurrenekoz.
eitb.eus
9:05 pasatxo, inbestidura eztabaida hasi da, Espainiako Erregeak Pedro Sanchez sozialista proposatu duenean Gobernuko Presidentetzarako hautagaitzat.
Horrela hasi du hitzaldia Sanchezek: "Egun on. Ez da Espainia hautsiko, ezta Konstituzioa ere. Espainiako herritarrek demokratikoki hautatutako Gobernu progresistaren gaineko blokeoa da hautsiko dena".
"PSOE aberkideez osatutako alderdi espainiarra dela" gehitu du, eta eskuinari ohartarazi dio "oker" dagoela "ezkerrak Espainiarekin duen konpromisoa zalantzan jartzen duenean".
Espainiako Gobernuko presidentegaiak, gainera, herritarrei eskerrak eman dizkie, bi hauteskunde orokorren ostean, "pazientzia eta demokraziarekiko konpromisoa" erakutsi dutelako.
Hitzaldiaren lehenengo zatian, elkarrizketa Kataluniako "gatazka" konpontzeko "bide bakarra" dela defendatu du, eta esan du elkarrizketa hori Konstituzioak "babestuta" egon behar dela.
"Ireki dezagun gure marko legalak ematen duen segurtasunak babestutako elkarrizketa zintzo bat", esan du. Hautagaiak gehitu duenez, "gatazkaren judizializazioa" atzean utzi eta "politikaren bidea berriz hasi" behar da.
Katalunian dauden sentimendu desberdinak "ukaezinak" dira, eta azken urteetan "utzikeria" eta gatazka konpontzeko "gaitasun eza" izan dela esan du. Era berean, "sistema autonomikoaren ahultasunak eta higadurak zuzendu" behar direla esan du.
Hautagai sozialistak esan duenez , Espainian ez dago nazio identitatea bizitzeko modu bakarra, eta askotariko sentimendu horiek bateragarri egitea beharrezkoa da, errespetuaren arau berberak erabilita. "Ez diogu inori bere printzipioei uko egitea, sektarismoari baizik", esan du.
Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean elkarrizketa mahai bat bultzatzeko asmoa berretsi du Sanchezek. "Ezin dugu lurralde zauria belaunaldiz belaunaldi transmitituko den gaixotasun kronikotzat hartu", esan du.
Gernikako Estatutuaren transferentziak
Euskal Autonomia Erkidegoa ere aipatu du Sanchezek. Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu du gaur egungo Estatutuan jasota dauden eskumenak transferitzeko, baita "Eusko Legebiltzarrak egin nahiko lukeen berritzearen" inguruan ere.
Lan erreforma
Mariano Rajoyren 2012ko lan erreforma indargabetzearen beharra defendatu du Sanchezek. "Indargabetu behar diren gaien inguruan adostasuna" eta "aldaketa horiek bermatu ditzakeen gehiengo parlamentarioa" daudela uste du hautagaiak.
"Elkarrizketa eta hitzarmen sozialean sinesten" duela esan ostean, Langileen Estatutu berria onartu nahi duela esan du, "XXI. mendeko erronkei aurre egiteko".
Pentsio sistema publikoaren "blindajea"
Hautagaiak, gainera, "Konstituzioan blindatuz" pentsio sistema publikoaren "iraunkortasuna eta nahikotasuna bermatuko dituen Toledoko Itun berri bat" aurkeztuko duela iragarri du.
"Pentsio duinen bermearen Gobernua izango da hau", esan du Sanchezek. Pentsioen balioa KPIren arabera handitzeko eta gutxienekoek eta kotizaziorik gabekoek erosahalmena irabazteko konpromisoa ere hartu du.
Gainera, pentsioen "genero arrakala gutxitzea" bultzatuko duela eta "ezkondu gabeko bikoteen" alarguntza-pentsioak zabalduko dituela esan du.
Merkatu-ekonomia soziala
Merkatu-ekonomia sozialaren alde egingo duela esan du presidentegaiak, "Konstituzioak esaten duen bezalaxe", eta ez duela merkatu gizarte batean sinesten gehitu du. "Ezin zaizkio merkatuari eman osasuna, hezkuntza, segurtasuna edo, azken finean, pertsonen etorkizuna eta bizitza bezalako ondasunak", esan du.
Osatu nahi duen Gobernu koalizio progresista zerbitzu publikoen eta justizia sozialaren alde dagoela esan du, gizartearen "zati handi batek" sufritzen duen "berdintasun eza" murrizteko.
Memoria historikoa
Hautagaiak iragarri duenez, Gobernuak urriaren 31 eta maiatzaren 8a frankismoaren biktima guztiak oroitzeko eta erbestealdiaren biktimak onartzeko egun bezala ezarriko ditu, hurrenez hurren.
Francisco Francoren gorpuzkiaren lekualdatzearekin hasitako "erreparazioaren bidean" jarraitzeko asmoa adierazi du. Sozialistarentzat, ekintza "sinboliko" horrek "erreparazio, justizia eta memoria etapa berri bat ireki zuen, espainiarren arteko zatiketa behin betiko ixten hasteko balio behar duena".
Horrela, Gerra Zibileko eta diktaduraren biktimak onartzeko eta erreparatzeko ekintza berriak garatzeko asmoa iragarri du, hala nola, frankismoak espoliatutako ondasunak ikuskatzea legezko jabeei emateko, Meirasko Pazotik hasita, A Coruñan.
Horiekin batera, gobernu berriak hobi komunetan jarraitzen duten frankismoaren biktimak lurpetik aterako ditu, sinbologia frankista leku publikoetatik kenduko du eta diktaduran egindako ekintza errepresiboengatik emandako kondekorazioak erretiratuko ditu.
Aurreneko bozketa
Lehen bozketa igande eguerdian egitea espero da. Sanchezek presidente izendatzeko beharrezko gehiengorik (176 boto) ez du lortuko lehen bozketa horretan, eta 48 ordu itxaron beharko ditu, asteartean izendatu ahal izateko.
Presidentegaiak amaitu ondoren, atsedenaldi bat izango da, oposizioak hitzaldiak prestatzeko denbora izateko. Ondoren talde parlamentarioen txanda izango da, handienetik txikienera.
Talde parlamentario bakoitzak 40 minutu izango ditu: 30 hasierako hitzaldian, eta presidentegaiari erantzuteko beste 10. Hala ere, Bozeramaileen Batzordeak bilera egingo du saioa hasi baino ordu erdi lehenago, eta beste hiru minutu gehiago eman ditzake. Normalean hautagaiak talde bakoitzarekin izaten dituen eztabaidak bi orduko iraupena izaten du.
Sanchezek banan-banan guztiei erantzutea espero da, denbora mugarik gabe. Litekeena da, Pablo Casado (PP), Santiago Abascal (Vox) eta Pablo Iglesiasekin (Unidas Podemos) lehen jardunaldian eztabaidatzea.
Ondoren, Talde Anitzaren txanda izango da (Junts, Mas Pais-Equo, CC, NC, Compromis, BNG, PRC eta Teruel Existeren 15 diputatuak). Egun berean edo biharamunean, Aitor Estebanek (EAJ), Mertxe Aizpuruak (EH Bildu), Talde Mistoko kideek (UPN, Foro Asturias eta CUP) eta Adriana Lastrak (PSOE) hartuko dute hitza.
Azkenik, bozketa egingo dute diputatuek. Ordezkari bakoitzari deituko diote, eta zutunik jarriko da botoa emateko. Kongresuko Presidentetzako iturriek azaldu dutenez, lehen bozketa igande eguerdian egiteko asmoa dute, baina presidentegaiaren eta bozeramaileen arteko eztabaiden iraupenaren menpe egongo da.
Bigarren itzulia, 48 ordu geroago
Lehen bozketaren emaitza iragartzen duten uneak baldintzatuko du bigarren saioaren hasiera. Hala, hortik hasi eta 48 ordu geroago, ospatuko da, asteartean.
Bigarren saioan, Sanchezek hamar minutu izango ditu Ganberaren babesa eskatzeko. Talde parlamentarioen ordezkari bakoitzak bost minutu izango ditu erantzuteko. Guztira, ordubete gehiago bigarren bozketa hasi baino lehen. Orduan gehiengo sinplearekin (baiezko baino ezezko gehiago) nahikoa izango du Sanchezek.