Politika -
Manifestazioa urtarrilaren 11n
Rosa Roderok eta Axun Lasak presoen aldeko martxaren manifestua irakurriko dute
Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alargunak eta Joxean Zabala GALeko biktimaren arrebak amaierako mezua irakurtzeko ardura izango dute.
Agentzia | Erredakzioa
Urtarrilaren 11an, Bilbon, 'Orain presoak' lelopean, egin beharreko manifestazioan "presoentzako irtenbide bat" eskatuko dio Sarek Espainiako Gobernu berriari. Rosa Roderok, Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alargunak, eta Axun Lasak, Joxean Zabala GALeko biktimaren arrebak, amaierako mezua irakurriko dute.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, Bego Atxa Sareko kideak, Michel Berhokoirigoin bakearen artisauak eta Anaiz Funosas Bake Bidea plataformako ordezkariak agerraldia egin dute Donostian. Mobilizazioaren xehetasunen berri eman dute. Baionan egun berean egingo dute, 'Ez dezagun historia errepikatu' lelopean.
Deialdi bikoitzaren helburua "euskal presoen senideei" babesa adieraztea da "oraindik indarrean dagoen sakabanaketa politikaren aurrean", Sareko bozeramaileak azpimarratu duenez. "Giza eskubideak bere burua demokratikotzat duen edozein sistemaren giltzarri dira", gogorarazi du.
Erantsi duenez, Bilboko martxan "Espainian datozen egunetan osatuko den Gobernu berria ispilu aurrean jarri nahi dute; nahiz eta errealitatea ezkutatzen saiatu, euskal gizarteak gero eta barneratuago duelako". Bestalde, Baionan “Frantziako Gobernuari gure haserrea erakutsiko diogu, parte-hartze oso anitzarekin, bidezko bake iraunkor baten alde".
"Arazoaren konponbidea ez da zertan biktimen kontrakoa edo kalterako izan behar", esan du Azkarragak. Gobernu zentral berriaren osaketarekin “gehiengo sozial, politiko eta sindikala baliatu behar dugu, Madrilgo politikariek konpondu gabeko arazoa agendan jartzeko”, nabarmendu du. “Elkarbizitzan aurrera egin ahal izateko konponbidea ezinbestekoa da”, azpimarratu du.
Era berean, "Parisen negoziazioak berriz abiatzeko" garaia dela aldarrikatu du. Helburua "historia ez errepikatzea da, aurrera egin eta datozen belaunaldiei etorkizun hobeago bat utzi", gaineratu duenez. Horregatik, Bizkaiko hiriburuan gazteak izango dira manifestazioaren buruan.
Joseba Azkarragak goraipatu duenez, amaierako manifestuak "herri honetan izan diren indarkerien biktimek", bi emakumek, irakurriko dute. "Senide baten galerak eragiten duen sufrimendua zuzenean bizi izan dute, indarkeriaren ondorioz" eta "gorrotoak eta mendekuak gizarterik eta herririk eraikiko ez dutela oso argi dute, guztiz kontrakoa", erantsi duenez.
Azkarragaren hitzetan, Roderok eta Lasak "inork beraien izenean hitz egiterik ez dute nahi", ezta "euren atsekabea alderdikeriaz erabiltzerik" ere. "Ahanzturarik gabe eraiki nahi dute, gorrotorik gabe bidean aurrera egin", azpimarratu du.