Politika -
Katalunia
Torra gaitasungabetzen duen edo ez aztertuko du gaur Hauteskunde Batzorde Zentralak
Halaber, Oriol Junqueras ERCko presidentearen eurodiputatu akta tramitatzen ote duen erabaki behar du, PPk eta Ciudadanosek aurkeztu zituzten idatziei erantzuteko.
Agentziak | Erredakzioa
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea desobedientziagatik gaitasungabetzen ote duen aztertu behar du gaur, ostirala, Hauteskunde Batzorde Zentralak, hauteskunde garaian eraikin publikoetatik lazo horiak kentzeko agindua ez betetzeagatik Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJC) urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri ostean. Halaber, Oriol Junqueras Esquerra Republicanako (ERC) presidentearen eurodiputatu akta tramitatzen duen edo ez erabaki behar du.
Hauteskunde Batzorde Zentralak gaur egitekoa duen bileran, PPk eta Ciudadanosek aurkeztutako idatziak aztertzea aurreikusi du epaimahaiak. Izan ere, Junquerasi eurodiputatu gisako kredentziala ez emateko eskatu dute bi alderdiek, Auzitegi Gorenak epai irmoa eman duela argudiatuz.
ERCko buruak maiatzean lortu zuen eurodiputatu kargua, baina Hauteskunde Batzorde Zentralak ezin izan zion kredentziala eman ekainean, Auzitegi Gorenak horretarako tramitea betetzeko baimena ukatu ziolako.
Alabaina, Gorenak igorri zion galderari erantzunez Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eman berri duen epaiak gauzak aldatu ditu, izan ere, Europar Batasuneko erakundeak uste du herritarrek Junqueras eurodiputatu hautatu zutenetik dela jada eurodiputatua, eta ezein tramitek ere ezin du baldintzatu eserlekua lortzea.
Auzitegi Gorena epai hori nola aplikatu aztertzen ari den bitartean, PPk eta Ciudadanosek Junquerasi eurodiputatu izateko baimena ez emateko eskatu diote Hauteskunde Batzorde Zentralari, haien esanetan, ERCko burua jada ez delako epaiketaren zain dagoen preso bat, baizik eta epai irmoz zigortutako pertsona bat, Auzitegi Gorenak 'proces' auziaren epaian ebatzi zuenez.
Bi alderdien ustez, Gorenak ezarritako kartzela-zigorra eta gaitasungabetzea "gerora sortutako hautaezintasun-kausa" da Junquerasentzat, eta kargu publiko edo parlamentario bat betetzea galarazten dio. Ondorioz, haien ustez, Junquerasek ezin du eurodiputatuaren kredentziala jaso, eta hala jakinarazi behar zaio Europako Parlamentuari.
Horrelako gaietan ohikoa den bezala, erabaki bat hartu aurretik, Hauteskunde Batzordeak epe bat eman die kaltetuei, kasu honetan Esquerrari eta Junquerasi berari, euren alegazioak aurkez ditzaten PP eta Ciudadanosen idatzien inguruan.
Gaurko bileran Quim Torraren kasua ere aztertuko dute, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ) urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri baitzion, hauteskunde garaian eraikin publikoetatik lazo horiak kentzeko agindua ez betetzeagatik.