Politika -
Inbestidura
ERCk gaur erabakiko du PSOErekin itxitako akordioa berresten duen
ERCren Kontseilu Nazionala 17:00etan bilduko da, JxCaten kritiken artean. Hain justu, akordioak "Kataluniako Gobernuaren oniritzik ez" duela ohartarazi dio Torrak Aragones presidenteordeari.
Agentziak | Erredakzioa
ERCren Kontseilu Nazionalak ostegun honetan erabakiko du PSOErekin itxitako akordioa berresten duen, hau da, Pedro Sanchezen inbestidura bideratzen duen. Hala balitz, PSOEko hautagaiak nahikoa babes jasoko luke, hilaren 7an, asteartearekin, inbestidura eztabaidan, Espainiako presidente jarraitzeko; izan ere, Sanchezek ERCren abstentzioa behar du.
Bilera 17:00etan hasiko da. ERCren eta PSOEren arteko akordioaren arabera, Espainiako eta Kataluniako Gobernuen arteko negoziazio-mahaia eratuko da. Inbestidura-eztabaidari larunbatean ekingo diote, larunbatarekin, eta biharamunean (hilaren 5ean) eta hilaren 7an jarraituko du.
ERCren Zuzendaritzak astelehenean erabaki zuen Kontseilu Nazionala deitzea, PSOErekin egindako negoziazioa amaituta. Marta Vilalta ERCren bozeramaileak orduan iragarri zuen bi alderdiek adostuta zutela bi Gobernuen arteko negoziazio-mahai hori. Mahai horren xedea izango da gatazkarako konponbidea topatzea.
Halaber, asteartean jakinarazi zuten Kataluniako herritarrei kontsulta egingo zaiela mahai horretako ondorioei buruzko iritzia eman dezaten.
Hala, ERCren Kontseilu Nazionalak erabaki beharko du akordio hori aintzat hartzen duen; hitzarmena berretsiko balu, ERC hasierako ezezkotik amaierako abstentziora igaroko zen, eta, ondorioz, Sanchezek Moncloan jarraitzeko nahikoa babes izango luke.
Torraren eta Aragonesen arteko bilera
JxCatek, baina, gogor salatu du ERCk PSOErekin itxitako akordioa. Quim Torra Generalitatearen presidenteak Pere Aragones Kataluniako Gobernuaren presidenteorde eta ERCren koordinatzaile nazionalarekin hitz egin zuen, eta gogorarazi zion alderdi-akordio batek ez duela zertan izan loteslea Kataluniako Gobernuarentzat.
Hain justu, Torra presidentea eta Aragones presidenteordea gaur goizean bildu dira (10:00ak aldera) egoerari heltzeko. Batzarraren ondotik Generalitateko Presidentetzako iturriek jakinarazi dutenez, Torrak azalpenak eskatu dizkio Aragonesi eta esan dio "Kataluniako Gobernua kontuan hartu gabe ezin dela Espainiako Gobernuarekin negoziatu". Hori horrela, ERCk PSOErekin adostutakoak "Kataluniako Gobernuaren oniritzirik ez" duela azpimarratu du.
Bestalde, Aragonesek Torrari eskatu dio ERCk eta JxCatek, biek elkarrekin, autodeterminazio eskubidea defendatzeko PSOErekin adostu duen negoziazio mahaian.
EH Bilduk gaur eta bihar erabakiko du bere jarrera
Bitartean, EH Bilduk gaur eta bihar galdetuko die bere militanteei Mahai Politikoaren proposamena berresten ote duten, hau da, Sanchezek inbestiduran abstenitzea babesten duten edo ez. Koalizioaren Zuzendaritzaren iritziz, "Espainian PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua osatzea bideratuz gero, estrukturalak diren egungo arazo larriei konponbidea emateko aukera zabalduko litzateke".
Bide telematikoak baliatuz egingo dute kontsulta, EH Bilduren web orriaren bidez, ostiraleko 12:00ak arte. Galdera hauxe izango da: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin Gobernua eratu dezan?".