Politika -
Inbestidura Sanchez
Urkullu: 'Akordioak Estatuaren nazio aniztasuna onartzeko aukera irekitzen du'
Lehendakariak, Euskadiko EAJ-PSE gobernuaren buruak, akordio horrek Abiadura Handiko Trena amaitzea bultzatuko duela nabarmendu du, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak, astelehen honetan, abenduaren 30ean, nabarmendu du Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzeko PSOEk eta EAJk sinatutako akordioak Estatuaren nazio aniztasuna onartzeko aukera irekitzen duela.
Sare sozialen bidez, Urkulluk ontzat eman du akordioa "beharrezko urratsa" dela Estatuan gobernagarritasuna bermatzeko, eta elkarrizketa zein negoziazio prozesu baten ondorioa izan dela adierazi du, "seriotasunez eta diskrezioz bideratutakoa".
"Akordioak euskal agendan hartutako konpromisoak betetzea bermatzen du, besteak beste, Espainiako Gobernuak urtarilaren 22an onartu zuen akordioa Gernikako Estatutua betetzeko", azpimarratu du lehendakariak.
Gainera, akordioa "aldaketa positiboa da, Estatuaren nazio aniztasuna onartzeko aukera irekitzen duelako, 1978. urteko irakurketa berrartzearen bidez", azaldu du.
Era berean, Urkulluk nabarmendu du autogobernua betetzea "lehen mailako" helburua dela Eusko Jaurlaritzarentzat.
Lehendakariak, EAJ-PSE gobernuko burua Euskadin, adierazi du akordio horrek Estatuaren eskumenekoak diren azpiegituren inbertsioak bultzatuko dituela. Hala, Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura bukatzeko konpromisoa berretsiko da.
Halaber, etorkizuneko aukera berri bat irekitzen dela azaldu du; izan ere, Euskadin aurrekontuak onartzeko akordio zabal bat sinatu da, eta akordio horren bidez etorkizuneko erronkei erantzun egokiak eskaintzeko ahaleginak bateratzeko aukera indartu nahi du.