Politika -

Inbestidura

Sanchezek eta Iglesiasek arratsaldean aurkeztuko dute koalizio-gobernurako programa

Sanchezek EAJrekin inbestidurari babesa emateko akordioa sinatu eta Estatuko Abokatutzak Oriol Junquerasen immunitateari buruzko txostena argitaratu duen egun berean eman dute akordioaren berri.

Sanchez eta Iglesias aurreko bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Sanchez eta Iglesias aurreko bilera batean
Sanchez eta Iglesias aurreko bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak 17:00etan aurkeztuko dute koalizio-gobernu baterako akordio programatikoa, iturri sozialistek EFE albiste-agentziari baieztatu diotenez.

Sanchezek EAJrekin inbestidurari babesa emateko akordioa sinatu eta Estatuko Abokatutzak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren immunitateari buruzko txostena argitaratu duen egun berean eman dute akordioaren berri.

Sanchezek eta Iglesiasek konpromisoa hartu zuten koalizio gobernu horretako presidentea izendatu aurretik euren akordioa aurkezteko, baina oraindik ez dute datarik zehaztu, izan ere, ERCren behin betiko baieztapenaren zain daude, inbestidurak aurrera egin dezan beharrezkoa den abstentzioaren inguruan.

Kataluniako independentistek adierazi dutenez, PSOErekin egindako akordioari behin betiko baiezkoa bere Consell Nazionalak eman behar dio, baina ez da bilduko, urtea amaitu baino lehen, ohartarazi dutenez. Sozialistek, ordea, azeleragailua zapaldu dute astelehen honetan, EAJrekin akordioa itxi eta Podemosekin gobernu programaren aurkezpena iragarriz.

Sanchezek eta Iglesiasek ezustean iragarri zuten azaroaren 12an, azaroaren 10eko hauteskundeak egin eta 48 ordura, koalizioan gobernatzeko aurreakordio bat. Asteotan koalizio-gobernuari itxura ematen ibili dira, baina apenas ezagutzen dira exekutibo horren inguruko egiturari buruzko xehetasunik. Antza, Iglesiasek gizarte arloko presidenteordetza bat hartuko du eta haren mende egongo dira lau ministerio.

Podemoseko balizko ministroak

Oraingoz argi dago, ezustekorik ezean, Irene Montero Parlamentuko egungo bozeramailea eta alderdiko 'bigarrena' Berdintasun Ministerioaren buru izango dela, eta Yolanda Diaz Galiziako diputatuak hartuko duela bere gain Lan Ministerioa.

Unibertsitate ministro gisa Rosa Lluch Senaturako En Comuko hautagaia, Ernest Lluch ETAk hildako ministroaren alaba, edo Edo Ernest Urtasun komunen eurodiputatua aipatu izan dituzte. Laugarren ministerioa Alberto Garzon IUko buruzagiari egokituko litzaioke, eta haren zereginak ekonomia sozialarekin zerikusia izango luke.

Podemos Gobernuan sartzeak, gainera, alderdia berrantolatzera behartuko du, bai barne mailan zein parlamentuan; izan ere, bere buruzagi nagusietako batzuk exekutiboaren parte izatera pasako dira, eta egungo erantzukizunak garatzeari utzi beharko diote, Montero bozeramailearen kasuan bezala. Podemos koalizioa noiz baieztatuko zain dago aldaketa horiek egiteko, baina baliteke Noelia Vera Exekutibako egungo bozeramailea eta Pablo Echenique Gobernu Ekintzako idazkaria izatea hemendik aurrera talde parlamentarioa zuzentzeko ardura izango dutenak.

Alderdiari dagokionez, eguneroko kudeaketaren pisua Alberto Rodriguez Antolakuntza idazkariak, Juan Manuel del Olmo Komunikazio idazkariak, Ana Marcello Partaidetza eta Zirkuluen idazkariak eta Rafa Mayoral Gizarte Zibileko idazkariak izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSOE Espainiako Gobernua albisteak Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak Yolanda Diazen adierazpenak