Politika -
inbestidura
EH Bilduk oinarriei galdetuko die Sanchezen inbestiduran abstenitzeari buruz
Inbestidura data jakinarazi bezain laster deituko dute kontsulta.
Agentziak | erredakzioa
EH Bilduren zuzendaritzak erabaki dutenez, oinarriek erabakiko dute koalizioak Sanchez inbestiduran abstentziora joko duten ala ez. EH Bilduk bost diputatu ditu Kongresuan, eta hautagai sozialistaren inbestidura "ez oztopatzea" ahalbidetu dezakete abstenituz. Koalizioaren arabera, PSOEren eta Unidas Podemoen koalizio gobernua "adierazpenen bidez barik, ekintzen bidez Estatua benetan demokratizatzeko baldintzak badaudela agerian uzteko azken aukera da".
Koalizio subiranistak azaldu duenez, "laster" deituko dute kontsulta loteslea, inbestidura data jakinarazi bezain pronto.
EH Bilduren Mahai Politikoaren ustez, "koalizio gobernua ahalbideratuta, hauteskunde kanpainan emandako hitza beteko dugu: alegia, eskuin muturra Espainiako Gobernuan sartzeko aukera eragoztea eta 78ko erregimen monarkikotik datozen arazo estruktural larriak konpontzeko aukera ematea".
"Badakigu zailtasunak egongo direla, baina ikuspuntu errealista batetik, EH Bilduk uste du mota horretako gobernu bat Estatuaren azken aukera dela, adierazpenen bidez baino, ekintzen bidez Estatua benetan demokratizatzeko baldintzak badaudela agerian uzteko", erantsi dute.
EH Bilduren Mahai Politikoak defendatu duenez, "demokratizazio horrek behar ditu agenda ausart bat eta arazo politikoa elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez konpontzeko borondate argia".
Horren ildotik, azaldu du agenda demokratizatzaile horrek "elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bat" behar duela hauteskunde kanpainan zein PSOErekin hilaren 17an egindako bileran aipatutako gaietan.
EH Bilduk azaroan iragarri zuen oinarriek edukiko zutela azken hitza, betiere Mahai Politikoak egindako proposamena oinarri hartuta. Hala, ERCren eta PSOEren arteko negoziazioek aurrera egin duten honetan, abstentzioaren aldeko hautua egin du koalizioaren zuzendaritzak.