Politika -

inbestidura

PSOEk eta ERCk ixtear dute Sanchezen inbestidura ahalbideratuko duen akordioa

Sozialistek urtarrilaren 5erako nahi dute behin betiko bozketa, baina ERCk ez du horrenbesteko presarik. Estatuko Abokatutzak gaur aurkeztuko du Junquerasen immunitateari buruzko txostena.

ERC eta PSOE alderdietako negoziazio taldeak, abenduaren 10ean. Artxiboko argazkia: EFE
ERC eta PSOE alderdietako negoziazio taldeak, abenduaren 10ean.
ERC eta PSOE alderdietako negoziazio taldeak, abenduaren 10ean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen balizko inbestidura bat ahalbideratuko lukeen akordioa ia prest dute PSOEk eta ERCk. Sozialistek prozedura urtea amaitu baino lehen abiatu nahiko lukete, inbestidura Erregeak baino lehen izan dadin. Egutegi horren arabera, behin betiko bozketa urtarrilaren 5ean izango litzateke. Nolanahi ere, ERCk ez ditu epeak azkartu nahi eta aurreratu du Batzorde Nazionala —akordioa onartu behar duen alderdi barruko erakundea— ez dela urtea amaitu baino lehen bilduko. Bi alderdiek abendu erdialdetik etenda zeuden negoziazioak berrartu zituzten ostiralean.

Hain justu, asteburuan izandako hartu-eman horietan Estatuko Abokatutzak Junquerasen immunitateari buruz gaur aurkeztu behar duen txostenaren ildo nagusiak jaso ditu ERCk, hedabide batzuen arabera. Iturrion arabera, errepublikanoek begi onez hartu dute Abokatutzaren jarrera, eta beraz, ordu gutxiko kontua izango litzateke inbestidurarako akordioa.

Estatuko Abokatutzaren txosten horrez gain bada negoziazioei eragiten dien beste afera bat: Hauteskunde Batzorde Orokorrak Oriol Junquerasen eta, batez ere, Quim Torra Generalitateko presidentearen immunitateaz ostiralean esango duena. Bigarren horri urte eta erdiko inhablitazioa ezarri zion Kataluniako Auzitegi Nagusiak lazo horien auzian. Torraren gaitasungabetzeak JxCat eta ERC alderdien arteko harremanetan izango luke eragina, hauteskunde berriak egin arte Generalitatea nork zuzendu beharko lukeen erabaki beharko litzatekeelako. Horrek, bada, ERCren eta PSOEren arteko negoziazioak zailduko lituzke.

Bien bitartean, ERCk arratsaldean bilduko du zuzendaritza. Iturri errepublikanoek nabarmendu dutenez, sozialistek egindako proposamena aztertuko dute eta aurreratu dute alderdiaren Batzorde Nazionala ez dela urtea amaitu baino lehen bilduko. "Batzorde Nazionalaren bilera hori ezinbestekoa da balizko akordio hori lortzeko", erantsi dute.

Negoziazio horien aurrean, akordioa oztopatzeko estrategiari heldu diote PPk eta Ciudadanosek, eta sozialistak zatitu nahian, presionatzen ari dira. Presioa hain da handia ezen Estatuko abokatuen elkarteak "esku-sartze edo presio" saiakera oro errefusatu ditu, eta bereziki, bere jarduna baldintzatu dezakeen "mehatxu oro". Izan ere, Estatuko Abokatutzaren txostena erabakigarria izan daiteke inbestidurarako.

Presioak baztertu ditu Estatuko abokatuen elkarteak

Elkartearen Zuzendaritza Kontseiluak ohar labur bat egin zuen publiko atzo, "azken aldian argitaratu diren informazioei" erantzunez. Zuzenean aipatzen ez badu ere, Estatuko Abokatutzak Oriol Junquerasi buruz egindako txostenak Pedro Sanchezen inbestidurarako PSOEren eta ERCren arteko negoziazioetan izan dezakeen eraginari buruz ari direla uler daiteke.

Egoera horren aurrean, Fernando Bertran Giron buru duen elkartea "edozein presio, esku-hartze edo mehatxu"ren aurka agertu da.

"Estatuaren abokatuok irizpide tekniko-juridikoei zorrotz lotuta jokatu behar dugu gure idazki prozesaletan eta txostenetan. Zuzenbideko profesionalak gara, eta oposizio bidezko zerbitzari publikoak. Legeari eta Zuzenbideari men egitea bermatzen dugu 1881etik. Hori da batzen gaituena" dio oharrak.

Bideoa: CDRen bilkura ERCren egoitzan, PSOErekin lortu dezaken akordioaren aurka

CDRen bilkura ERCren egoitzan, PSOErekin lortu dezaken akordioaren aurka
CDRen bilkura ERCren egoitzan, PSOErekin lortu dezaken akordioaren aurka
CDRen bilkura ERCren egoitzan, PSOErekin lortu dezaken akordioaren aurka

0:44
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainia Eguneko albisteak Albisteak ERC