Politika -
PRESOAK
'564' abestian oinarritutako #246Ohehuts ekimenak babes zabala jaso du Gabonetan
Hertzainak taldearen abesti mitikoa abestu, grabatu eta sare sozialetara igo dute herri ugaritan. Abenduaren 24an grabatu zituzten horietako asko, eta 30ean zein 31n izango dira hurrengo hitzorduak.
EITB.EUS
Aspaldi desegin zen Hertzainak euskal musika talde ezaguna, baina 2019 amaieran, kontzertu gogoangarriak eskaini dituzte Garik eta Josu Zabalak, zaleen gozamenerako. Hertzainakeko abeslari eta soinujoleak irailaren 17an Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertua abiapuntu hartuta, euskal presoen etxeratzearen aldeko ekimena garatzen ari da Gabon hauetan Euskal Herrian.
'564' kantu ezaguna erabili zuten eurek kontzertua iragartzeko, eta abesti hori herriz herri abestea proposatu dute ekimen honen bultzatzaileek; grabatu eta sare sozialetara igotzeko.
Duela 30 urte, 564 euskal preso zeuden garaian osatu zuen Hertzainak taldeak kantua, eta orain, egungo datuarekin, #246Ohehuts izenez ari dira zabaltzen bideoak. Josu Zabala beraren mezuarekin zabaldu zuten bultzatzaileek proposamena abenduaren 10ean Twitterren:
Abenduaren 24ean, Gabon Gauean grabatu zituzten bideoak toki askotan: Durangon, Baionan, Errekalden (Bilbo), Agurainen, Barakaldon, Etxarrin, Zarautzen, Goizuetan, Saran, Donibane Garazin, Zornotzan, Beasainen, Atarrabian, Hazparnen, Antiguon (Donostia), Portugaleten, Oiartzunen, Tolosan, Azpeitian, Hondarribian eta Hernanin, besteak beste. Josu Zabalak berak Otxandion grabatu zuen, eta hainbat musikari ezagunek euren herrian: Urbil Artolak Hondarribian, Xabi Solanok Hernanin, Eñaut Elorrietan Gernikan, Mikel Urdangarinek Zornotzan, Aitor Furundarenak Beasainen, Xabi Bastida eta Aitor Gorosabelek (Su ta Gar) Eibarren ... etab.
Urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan Sarek deitu dituen manifestazioetan parte hartzeko dei gisa ere erabili nahi dute elkartasun dinamika hau, eta horregatik, urtea amaitu arte luzatuko da.
Astelehen honetan bertan, Bilbon izango da hitzordua, 19:30ean, Plaza Barrian. Ekitaldian Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Zazkel taldeko Etxahun eta trikitilariak zein abesbatza egongo dira herritarrekin batera kantuan. Deustuko Done Petri plazan ere ekimen berdina egingo dute, 19:30ean.
Hurrengo egunean, abenduak 31, Plentzian, Sestaon, Soraluzen, Arrasaten eta Larrabetzun izango dira topaketa, besteak beste. Liher taldeak Pasai Donibaneko plazan joko du, eta Keu Agirretxeak Ondarroako Alde Zaharrean. Asier Bidegain trikitilaria Ordiziako Herriko plazan izango da 19:30ean eta 20:00etan , Latzen taldeko abeslari Aitor Uriarte izango da Oñatiko topaketan.