Politika -
Espainiako Gobernua
Sanchezen inbestidura urtarrilaren 5ean izan liteke, ERCrekin akordioa lotuz gero
Oriol Junqueras aske uztearen aldeko Estatuko Abokatuaren balizko txosten batek ERC eta PSOEren arteko negoziazioak erraztuko lituzke.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Pedro Sanchezen inbestiduraren gainean oraindik ez da akordiorik lotu ERCren eta PSOEren artean, baina Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, bi alderdi politikoen arteko hartu-emanak etengabeak dira. ERCko iturriek jakinarazi dutenez, une honetan negoziazioen erdigunean bi gai daude: batetik, Espainiako eta Kataluniako Gobernuek osatuko luketen elkarrizketa-mahaia eta, bestetik, Rajoyren Gobernuaren garaian galdutako eskubideak berreskuratzea.
Negoziazioen inguruan ez da informaziorik filtratu, izan ere, harremanen diskrezioa kritikatu du Alderdi Popularrak. Jaime Olano PPko partehartzerako idazkariordeak dio "demokraziako gobernurik opakuena dela" Sanchezena.
Hori guztia, Oriol Junqueras auziari buruzko txostena kaleratu lezake astelehen honetan Estatuko Abokatuak. Junqueras askatzearen aldeko txosten batek inbestidurarako negoziazioak erraztuko lituzke. Ondorioz, hainbat iturriren aburuz, Sanchezen inbestidura Errege egunaren bezperan, urtarrilaren 5ean, izan liteke.
Sanchezek EAJ eta EH Bildu ere behar ditu
Bestalde, Moncloan jarraitzeko EAJren eta EH Bilduren babesa ere behar du Pedro Sanchezek. Zentzu horretan, euren eskakizunak zeintzuk diren gogoratu diote alderdi horiek Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari.
EH Bilduren baldintzak hiru dira: azken urteetan egindako murrizketak atzera botatzea, bake eta elkarbizitza arloan urratsak ematea, eta espetxe-politikan aldaketak gauzatzea. EAJk, berriz, benetako estatu plurinazionala osatzeko beharra azpimarratu du. Horren harira, Euskadiko eta Kataluniako identitate nazionalak "traumarik eta konplexurik gabe" aitortu behar direla defendatu du Koldo Mediavilla EAJren Politika Instituzionaleko arduradunak.