Politika -

EUSKO JAURLARITZA

2020ko aurrekontuak onartu dituzte Eusko Legebiltzarrean

Elkarrekin Podemoseko bederatzi legebiltzarkideren abstentzioak ahalbidetu du EAJren eta PSE-EEren aurrekontuak aurrera ateratzea. EH Bilduk, Ezker Anintzak eta PPk kontra bozkatu dute.

Azpiazu, Martinez eta Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Argazki: EFE/David Aguilar
Azpiazu, Martinez eta Urkullu Eusko Legebiltzarrean. Argazki: EFE/David Aguilar
2020ko aurrekontuak onartu dituzte Legebiltzarrean, Podemosen abstentzioari esker

1:30

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu ditu behin betiko datorren urteko EAEko aurrekontuak. Legealdiko azken aurrekontuak dira, eta aurrera atera dira Jaurlaritzak (EAJ eta PSE-EE) ,Podemosekin eta Equorekinlortutako akordioaren ondoren.

11.774 milloi euroko aurrekontuak dira. 10 eurotik ia 8 osasun, hezkuntza, enplegu eta gizarte politiketara bideratuko dira; 90.000 langile publikok % 2ko soldata igoera izango dute; % 4 igoko da, berriz, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta.

Azken puntu hori txertatu dute Podemosekin eta Equorekin lotutako akordioan. Guztira 201,5 milioi euro nora bideratu adostu zuten Jaurlaritzak eta alderdi moreak, eta horri esker, Podemoseko eta Equoko legebiltzarkideek abstentziora jo dute aurrekontuak onar daitezen.

PPk eta EH Bilduk, berriz, aurrekontuen aurka bozkatu dute.

Onartutako aurrekontuen herri eredua kritikatu dute EH Bilduk eta PPk, baina kontrako arrazoiengatik. Ezker Anitzak ere aurrekontuak errefusatu ditu. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, adostutako akordioaren garrantzia azpimarratu dute.

Ituna euskal gizartearentzako beharrezkoa zela uste du koalizio moreak,  nahiz eta onartutako aurrekontuak bereak ez izan.

Aurrekontuak "EAJren eta PSE-EEren betiko errezeta dira", adierazi du Leire Pinedok (EH Bildu). "Sekula jarriko ez ziren tokian" eseri direla aurpegiratu dio Elkarrekin Podemosi, aurrekontuek "marko agortu bati eusten diotelako, nahiz eta morez edo berdez margotu".

Akordioa PSOEk eta Unidas Podemosek Gobernua osatzeko negozioaren barnean kokatu du Anton Damboreneak (PP). Onartutako aurrekontuek islatzen duten "EAJren eredua" errefusatu du Damboreneak: "batzuek lan egin, zergak ordaindu eta kotizatu behar dute, eta beste batzuek ez, baina hala ere diru-laguntzetarako eskubidea dute".

Adostutako aurrekontuaren eredua kritikatu du Jon Hernandez Ezker Anitzako legebiltzarkideak, "herriaren garapen desorekatu eta bidegabea indartzen duelako, eta ustelkeria zein klientelismoa errazten dituelako". "Ez gaude akordioarekin ados, baina ezkerraren batasunaren alde lanean jarraituko dugu", erantsi du.

Lander Martinez Podemoseko buruzagiak, ostera, akordioa defendatu du, "gorren arteko elkarrizketa bat desblokeatu duelako". "Pentsaezinak ziruditen politika ausartak egitera behartu dugu Jaurlaritza", nabarmendu du.

Bestalde, "nerabe harroputzaren jarrera" alde batera uztea eskatu dio Mikel Arruabarrenak (EAJ) EH Bilduri, are gehiago orain "Madrilen erraztaileak" direnean, Euskadirentzako hobekuntzak lortzeko.

Azkenik, aurrekontuek "egonkortasun eta aurrerapen" marko bat sendotzen dutela uste du Alexia Castellok (PSE-EE). PPren kritikei erantzun die legebiltzarkide sozialistak. Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioaz geroztik "gorrotoari helduta" dagoela esan du.

BIDEOA | EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzak aurrekontuen aurkako botoa eman dute

EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzak aurrekontuen aurkako botoa eman dute
EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzak aurrekontuen aurkako botoa eman dute
EH Bilduk, PPk eta Ezker Anitzak aurrekontuen aurkako botoa eman dute

1:32
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Bizkaia PP Araba Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak EAEko Aurrekontuak