Politika -
Katalunia
Euro-agindua baliogabetzeko eta auzia artxibatzeko eskatu dio Puigdemontek Gorenari
Europar Batasuneko Auzitegiak Oriol Junquerasen alde emandako ebazpenean oinarrituta, Puigdemonten defentsak idatzia igorri dio Pablo Llarena epaileari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak bere aurkako euro-agindua baliogabetzeko eta bere auzia artxibatzeko eskatu dio Auzitegi Gorenari, euro-parlamentari den heinean immunitatea daukala eta deliturik egin ez duela argudiatuta. Halaber, Pablo Llarena instrukzio epailea kasu horretatik kentzeko galdegin du, inpartziala ez dela iritzita.
Europar Batasuneko Auzitegiak Oriol Junquerasen alde emandako ebazpenean oinarrituta, Puigdemonten defentsak idatzia igorri dio Llarena epaileari, ekainaren 13tik eurodiputatua dela eta harrezkero immunitatea daukala azpimarratuta.
Testuinguru horretan, Puigdemont atxilotzeko eta espetxeratzeko Estatuan eta nazioartean emandako agindua eta gainerako kautelazko neurriak bertan behera utz ditzala eskatu dio.
"Ez dago beste aukerarik; hori ez beste edozein erabaki amildegitik behera salto egitea izango litzateke eta Espainiako botere judizialaren irudia gehiago kaltetzea", dio testuan.
"Atxilotzeko agindua emateko arrazoirik ez dagoenez, ez da bidezkoa Europako Parlamentuari horretarako baimena eskatzea", erantsi dute idatzian.
Horrez gain, Fiskaltzaren jarrera gogor kritikatu du, Europako ebazpenari entzungor eginez, euro-aginduari eustea eta Puigdemonti immunitate parlamentarioa kentzea eskatu duelako. "Eskaera hori legez kanpokoa da", salatu du defentsak.
Euro-agindua oinarri legalik gabe eta Europako Parlamentuaren baimenik gabe igorri zutela nabarmenduta, Puigdemonten kontrako neurri guztiak bertan behera uzteko galdegin du defentsak.