Politika -
Katalunia
Atzera bota dute Torrari Parlamentuko diputatu egiaztagiria kentzeko eskaera
Probintziako Hauteskunde Batzordeak PPri, Ciudadanosi eta Voxi gogorarazi die Torraren urte eta erdiko desgaikuntza agintzen duen ebazpena oraindik ez dela irmoa.
agentziak | erredakzioa
Bartzelonako Probintziako Hauteskunde Batzordeak atzera bota du PPk, Ciudadanosek eta Voxek Quim Torra Generalitateko presidenteari Parlamentuko diputatu egiaztagiria kentzeko eskaera.
Probintziako Hauteskunde Batzordeak hiru alderdi politiko salatzaileei gogorarazi die Torraren urte eta erdiko desgaikuntza zigorra oraindik ez dela irmoa, eta ez direla eskaera onartzeko baldintzak betetzen.
Torrak eta JxCaten abokatuek esandakoaren aurka, Hauteskunde Batzordeak adierazi du baduela PPk, Ciudadanosek eta Voxek aurkeztutako eskaerari erantzuteko eskumena, bateraezintasun kontuak Parlamentuaren lana badira ere, desobedientziarekin lotutako desgaikuntza ebazpenek ez dutelako zerikusirik horrekin.
Dena den, Batzordeak ez du diputatu izaera ukatzeko arrazoirik ikusten, ez baitago horren aurrekaririk.
Ustelkeria kasuei lotutako delituengatik zigortutako alkateen artean, ordea, badaude aurrekariak, baina ez da hori Torraren kasua, Batzordeak gogorarazi duenez.
"Batzorde honek ezin du ahaztu diputatu izaeraren galerak presidente izaera galtzea ere ekarriko lukeela, Kataluniako 67.2 artikuluan agertutakoan oinarrituta", azaldu dute.
Bartzelonako Probintzia Batzordearen erabakiak, hala ere, judiziala ez den kide baten boto partikularra du, Pablo Nuevo Lopezena.