Politika -
'De Miguel' auzia
'Autokritika' eta ustelkeria eragozteko neurriak eskatu dizkio oposizioak EAJri
"Ez da kasu bakan bat izan", azpimarratu du EH Bilduk. PPren hitzetan, "esleipenetan EAJren jokamoldea" dela agerian utzi du epaiak.
Agentzia | Erredakzioa
'De Miguel' auziko epaiaren ostean, EAJri "autokritika" eskatu diote oposizioko alderdiek. Aldi berean, "egoera bakan" bat ez dela ziurtatu dute, eta praktika horien aurka borroka egiteko neurri "zehatzak" eskatu dizkiete jeltzaleei; esaterako, Euskadin ustelkeriaren aurkako Fiskaltza bat sortzea.
"EAJk gehiago exijitu beharko luke", esan du Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak Radio Euskadiko 'Parlamento en las ondas' irratsaioan. 'De Miguel' auzia EAEn sekula epaitu den ustelkeria sumario garrantzitsuena da. Arabako Lurralde-auzitegiak EAJko hiru buruzagi ohi zigortu ditu, eta 13-6 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie, 2005ean kontratu publikoekin iruzur egiteko eta legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat sortzeagatik.
"Ez da kasu bakan bat izan", azpimarratu du Casanovak; izan ere, "Osakidetzako lan eskaintza publikoak, eskoletako jantokietako hitzarmenak eta Getaria edo Alonsotegi bezalako udalen kasuak hor daude".
Casanovaren ahotan, EAJk "ez du behar bezain arduratsu jokatu aldentzeko" zein ikerketa "bultzatzeko" orduan.
Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen hitzetan, "esleipen, kontratu eta komisioekin EAJren jokamoldea" dela agerian utzi du epaiak. "Ertzaintzak akusatuak atxilotu zituen arte" jeltzaleek "ez zuten zirkinik egin", alderdi barruan "ohiko praktika bat" zelako.
Barriok gogorarazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakaria EAJko presidentea zen gertakariak jaso zirenean. "Beste batzuei bere buruari exijitzeko kapaz izan ez dena eskatu die", aurpegiratu dio PPko ordezkariak lehendakariari.
Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko ordezkariak salatu duenez, "EAJren txartelak aberasteko ateak ireki dizkie batzuei". Ustelkeria kasuak "salatzen dituzten pertsonak babesteko" legez besteko proposamen bat aurkeztu dutela gogorarazi du Bollainek, eta "Euskadin ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat sortzeko" beste bat.
Bestalde, Joseba Egibar EAJko bozeramailearen ustez, bere alderdia aberastu ez zela "argi utzi" du sententziak. "Diru-kutxa publikoari 175.000 euroko galera eragin ziotela demostratu da" epaiketan, eta epai irmoak diru kopuru horrekiko "zigorren neurria" islatuko du, gaineratu duenez.
Azkenik, Eneko Andueza PSE-EEko ordezkariak adierazi duenez, sistema judizialak "funtzionatzen" duela frogatu du epaiak. Hala ere, ustelkeria zantzuren bat dagoenean auziak justiziaren esku jartzeko "hobetzen saiatzearen" eta "azkarragoak" izatearen alde agertu da.