Politika -

Eguberrietako harrera

De Miguel auziak EAJren 'ibilbidea zikintzen' duela onartu du Urkulluk

Bestalde, egoera politikoa hizpide izan du lehendakariak. Euskadin, Espainian zein Europan "ziurtasun eta egonkortasun testuinguru bat" erraztearen aldeko apustua berretsi du buruzagiak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Iñigo Urkullu lehendakaria. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Urkullu: 'De Miguel auziak EAJren ibilbidea zikindu du'

3:14

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

De Miguel auzian zigortu dituzten pertsonen jokabideak EAJren "ibilbidea zikintzen" duela onartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Euskadin sekula epaitutako ustelkeria sumario garrantzitsuena izan baita. Auzipetu nagusiak EAJko kideak eta kargudun publikoak ziren.

Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizen, egin ditu adierazpenak. EAEko erakunde, politika, gizarte, kultura eta ekonomiako ordezkariei harrera egin die Urkulluk.

"Zintzotasun, gardentasun, kontuak emate eta etika politikoarekin" konpromisoa berretsi du lehendakariak. Epaia mintzagai izan du Urkulluk hitzaldian. Komisioak kobratzeko eta kontratu publikoak lortzeko sare bat osatu zuten zigortu jeltzaleek.

"Nepotismoak ez dute justifikaziorik", irmo gaitzetsi du buruzagiak, baina jokabidearekin "eragile politikorik etekinik atera ez" zuela erantsi du. "Jarduera politikoan eraginik izan ez zuen jokabide desbideratu bat izan zen", zehaztu du agintariak.

"Hala ere, gizarteari barkamena eskatu diot, kargudun publikoak zirelako eta bidegabe aprobetxatu zirelako. Defendatzen ditudan balioen eta konpromisoaren aurkako jokabidea izan zuten, eta nire alderdiaren ibilbidea zikindu dute", azpimarratu du.

"Pertsona bakoitzak bere erantzukizun esparruan", eta lehendakariak "aurrena; etika, zintzotasun eta gardentasunarekin konpromiso handiena" izan behar du, nabarmendu duenez. "Kode etiko eta deontologiko kolektiboekin bakoitzaren koherentzia", aldarrikatu du Urkulluk, "baita betebehar moral pertsonalekin ere".

"Gobernagarritasun eza bultzatzen duten jarrerekin ez nago ados"

Bestalde, egoera politikoa hizpide izan du lehendakariak. Euskadin, Espainian zein Europan "ziurtasun eta egonkortasun testuinguru bat" erraztearen aldeko apustua berretsi du buruzagiak.

"Konfrontazio, ernegazio eta gobernagarritasun eza bultzatzen duten jarrerekin ez nago ados", baina "gatazka politikoak judizializatzeko baliabide errazarekin" ere ados ez dagoela ohartarazi du.

Azkenik, autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko, "erabakitzeko gaitasuna eta adosteko beharra uztartu" behar direla adierazi du Urkulluk.

Horretarako, Estatutua eguneratzeko lanean ari den Eusko Legebiltzarreko lantaldeari "kultura politiko ezberdinen arteko akordio zabala eta barnerakoia" lortzea eskatu dio. Akordioak "bideragarritasun instituzionala eta juridikoa izan eta aurrerapauso esanguratsu bat suposatu behar du", gaineratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia