Politika -

Ustelkeria auzia

'De Miguel' auziko zigortuek aske jarraituko dute epaia irmoa izan arte

Zigorrik handienak ezarri dizkieten bost auzipetuei pasaportea kendu die Arabako Probintzia Auzitegiak, eta epaitegira joan beharko dute 15 egunean behin, Montes eta Etxaburu enpresariak bezala.

De Miguel kasuko akusatuak epaiketako saio batean
De Miguel kasuko akusatuak epaiketako saio batean
Epaia irmoa izan arte, 'De Miguel' auzian zigortuak aske geratu dira

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'De Miguel' auzian zigorrik handienak jaso dituzten auzipetuak, oraingoz ez espetxeratzea erabaki du Arabako Probintzia Auzitegiak. Kautelazko neurriak ezarrita, denak aske uztea erabaki du epaileak. Ustelkeriagatik Euskadin epaitutako sumario garrantzitsuena da, 26 auzipetu baititu, eta horietako 11 absolbitu dituzte.

De Miguel auzian zigorrik handienak jaso dituzten bost pertsonak berehala espetxeratzeko eskatu zuen Fiskaltzak bere idatzian: Alfredo de Miguel foru diputatu ohi eta Arabako EAJko 'bigarrena' (13 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra), Koldo Ochandiano (7 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra) eta Aitor Telleria (6 urte eta 6 hilabetekoa) buruzagi 'jeltzale' ohiak, Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendari ohia (7 urte eta hilabeteko batekoa) eta Iñaki San Juan enpresari eta Leioako zinegotzi ohia (5 urte eta 3 hilabetekoa).

Testuinguru horretan, Probintzia Auzitegiak ostiral honetan hartu du erabakia, eta zigortutako guztiak behin-behinean aske uztea erabaki du, baina badaezpadako neurriak hartuta, ihes egitea saihesteko, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Zehazki, aurretik aipatutako bost auzipetuei pasaportea kentzea erabaki du Arabako Probintzia Auzitegiak eta, gainera, epaitegira joan beharko dute 15 egunean behin edo horretarako deitzen dituzten bakoitzean, baita edozein helbide aldaketaren berri emateko ere.

Josu Montes (4 urte eta 4 hilabeteko zigorra) eta Iñaki Etxaburu (2 urte eta 5 hilabete) enpresariei, berriz, 15 egunetik behin epaitegian bertaratzeko agindua ezarri die Auzitegiak.

Arabako Probintzia Auzitegiak 15 pertsona zigortu ditu 2005 eta 2009 artean egindako jarduerengatik, kontratu publikoen esleipen irregularraren truke legez kanpoko komisioak kobratzen zituen sarearekin lotuta. Epaia, baina, ez da irmoa oraindik, Auzitegi Gorenean horren aurka helegitea aurkez dezaketelako.

26 auzipetuetatik 11 absolbitu ditu Arabako Probintzia Auzitegiak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuordea tartean. Honakoek osatzen dute zerrenda: Araceli Bajo, Miren Lourdes Bilbao, Aintzane de Miguel, Prudencio del Hierro, Estibaliz Arruti, Gorka Errasti, Francesc Fernández, Placid Casas, Joaquin Sabater eta Ramon Tomas. Fiskaltzak horietako sei absolbitzea eskatu zuen.

Ustelkeria leporatuta zigortu dituzte

Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak 13 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi eta foru diputatu ohiari ustelkeriarekin lotutako hainbat deliturengatik. Dena dela, espetxean gehienez ere eman beharreko denbora 9 urtekoa izatea ebatzi du Auzitegiak.

De Migueli leporatutako delituak honakoak dira: eragimen-trafikoa, funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Dena dela, Fiskaltzak egotzitako bortxa eta mehatxu delituarengatik absolbitu du Auzitegiak. 

Epaiak Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria Arabako EAJren buruzagi izandakoak ere zigortu ditu 7 urte eta erdi eta 6 urte eta erdira, hurrenez hurren. Dena dela, Ochandianok bete beharreko gehienezko zigorra 6 urte eta 9 hilabetekoa izatea ebatzi du Auzitegiak. Telleriaren kasuan, berriz, ez du zehaztu.

Ochandianori honakoak leporatu dizkiote: funtzionario-eroskeria, merkataritza dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Fiskaltzak egotzitako bortxa eta mehatxu delituarengatik absolbitu du Auzitegiak. 

Telleria, bestalde, honakoengatik zigortu dute: eragimen-trafikoa, diru publikoak bidegabe eralgitzea, merkataritza dokumentua faltsutzea, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Telleria ere, bortxa eta mehatxu delituengatik absolbitu dute.

Epaia, baina, oraindik ez da irmoa, zigortuek kasazio-errekurtsoa jar dezaketelako Auzitegi Gorenean.

Fiskaltzak 29 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, eta 13 urte eta 7 hilabetekoa, Ochandianorentzat eta Telleriarentzat. Sanchez Roblesentzat eskatutako kartzela-zigorra, berriz, 8 urtekoa zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia