Politika -

Kataluniako Auzitegiaren epaia

Torra: 'Motibazio politikoak dituen auzitegi batek ez nau gaitasungabetuko'

Kataluniako presidenteak iragarri du helegitea aurkeztuko dutela epaiaren kontra, eta Parlamentuan bozketa bat egitea eskatuko duela "ebazpen politiko" horren kontra.

Torra, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Torra, gaurko agerraldian
Urte eta erdiko inhabilitazioa eta 30 mila euroko isuna ezarri diote Quim Torrari

1:22

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Desobedientzia egotzita, Kataluniako Auzitegi Nagusiak ezarri dion urte eta erdiko inhabilitazioa gutxietsi du Quim Torra Kataluniako presidenteak. Izan ere, nabarmendu duenez, "motibazio politikoak dituen auzitegi batek ez nau gaitasungabetuko, hori Kataluniako Parlamentuak bakarrik egin lezake".

Gobernuko kideak ondoan zituela Generalitateko Jauregian egindako adierazpen instituzional batean, Torrak esan du "beharrezkoa" dela Kataluniako Parlamentuak bere buruzagitza berrestea. Hala, iragarri du taldeei eskatu diela horren harira bozketa bat egiteko.

Izan ere, inbestiduran babesa eman zioten bi taldeei jada ekimen hori bultzatzeko eskatu diela esan du, eta, JxCat, ERC eta CUPek eskatuta, Bozeramaileen Batzordea bildu da Kataluniako Parlamentuan, egoerari heltzeko.

Era berean, Auzitegi Gorenean epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko dutela azpimarratu du, bide judizial guztia agortzeko. "Espainiako justizian dudan konfiantza hutsaren hurrengoa da", erantsi du.

"Nire kondena beraien kondena da", hasi du presidenteak, Auzitegi Nagusiaren aurrean esandako hitzak errepikatuz, eta herritar guztien adierazpen askatasuna defendatu duela adierazi du.

"Oinarrizko inpartzialtasunik ez duten hiru pertsonak osatutako irizpena" eman duen auzitegiaren aurka egin du, "irregulartasunez betetako prozesu batean, Espainiako Gobernuaren interesen bermatzaile bihurtu den Fiskaltza batek bultzatuta", esan du; "milioika katalanen ordezkariek aukeratutako presidente bat aldatu nahi baitu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Gobernua