Politika -

De Miguel auzia

Oyarzabal (PP): 'Urkullu koherentea balitz, gaur bertan dimititu beharko luke'

Buruzagi 'popularra'ren arabera, lehendakaria "gezurretan" ari da epaiak EAJ errugabetzen duela dionean. PSE-EEri buruz, Oyarzabalek uste du zentsura mozioa aurkeztu beharko lukeela.

Oyarzabal, kazetarien aurrean adierazpenak egiten. Argazkia: @PPVasco
Oyarzabal, kazetarien aurrean adierazpenak egiten.
Oyarzabal, kazetarien aurrean adierazpenak egiten. Argazkia: @PPVasco

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal Arabako PPren presidentearen esanetan, Iñigo Urkullu lehendakaria "gezurretan" ari da De Miguel auziaren epaiak EAJ errugabetu duela dioenean. Are, uste du lehendakaria "koherentea" balitz, "gaur bertan dimititu" beharko lukeela. PSE-EE ere estu hartu du Oyarzabalek, eta zentsura mozioa aurkeztu beharko lukeela esan du, "koherentziagatik".

Euskadin inoiz izandako ustelkeria kasu handienaren epaia jakinarazi eta biharamunean kazetarien aurrera azaldu da PPko buruzagia. Arabako Lurralde Auzitegiaren arabera, De Miguel, Ochandiano, Telleria eta beste zigortuek sarea osatzen zuten kontratu publikoak esleitu eta legez kanpoko komisioak kobratzeko. Esleipenok lortzeko EAJko kide izateaz baliatu ziren, epaiak ebatzi duenez.

"Alderdi baten sare baten aurrean gaude, alderdiaren mesedetan aritzen zena", azpimarratu du Oyarzabalek. Horren hitzetan, ez da "isolatutako kasu bat, ohiko praktika bat baizik". Nabarmendu duenez, "ezinezkoa da alderdia Arabako burkideen ibileren berri ez izatea".

Horren harira, azaldu du epaiak ez duela EAJ aipatzen delituak gertatu ziren garaiak legeak ez zuelako pertsona juridikoen erantzukizun penala aitortzen: "Alderdi Popularrak 2010ean sartu zuen Zigor Kodean, alderdien finantzazio irregularraren kontra ekin ahal izateko. Oyarzabalen esanetan, "De Miguel auzia 2010etik aurrera gertatu izan balitz, EAJ auzipetuta ez ezik zigortuta ere egongo litzateke ustelkeriagatik".

PSE-EE hizpide, gogor egin du Alderdi Popularreko buruzagiak: "Koherentea balitz, zentsura mozioa aurkeztu beharko luke, gaur bertan. Hori egin ordez, atzo errespetua azaldu zioten epaiari. EAJren meza-laguntzaileak dira, lotsagarria da". 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Araba Ustezko ustelkeria politikoa PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia