Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Konstituzionaleko hiru epaile, Junquerasen behin-behineko espetxealdiaren aurka
Eskubide politikoak urratu zizkiotela eta kontrolerako neurri arinagoak aztertu behar zirela iritzi diote.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Konstituzionaleko hiru magistratuk boto partikularra idatzi zuten eta behin behineko espetxealdiak Oriol Junqueras Generalitatearen presidente ohiaren eskubide politikoak urratu zituela eta kontrolerako neurri arinagoak aztertu behar zirela adierazi zuten.
Juan Antonio Xiol, Maria Luisa Balaguer eta Fernando Valdes magistratu aurrerakoiak berme auzitegiko gainerako 9 kideen iritziaren aurka agertu ziren, beraz, Oriol Junquerasi Konstituzionalaren babesa ukatu ziotenean.
Gaur eman dute boto partikular horren berri. Bertan diotenez, Junquerasen behin behineko espetxealdiak, Pablo Llarenak 2017an ezarria eta Auzitegi Gorenak berretsia, kataluniarrak ordezkari politiko izateko zuen eskubidea urratu zuen.
Magistratuek uste dute Llarenak ez zuela nahikoa aztertu "ordezkari politiko izateko eskubideari egingo zion kaltea".
Junquerasen defentsak txalotu egin du boto partikularra
Andreu Van den Eyndek, Oriol Junquerasen abokatuak, txalotu egin du boto partikularra, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren zain geratzen dela esan du.
Van den Eyndek azpimarratu du hiru magistratuek "bermeei jaramonik ez" zietela egin "inolako justifikaziorik izan gabe", eta ez zela nahikoa arrazoirik eman behin behineko espetxealdia ezartzeko.
"Gure tesia indartzen du horrek: behin behineko espetxealdia gehiegizkoa dela bai maila nazionalean, bai nazioarte mailan", adierazi du.