Politika -
RADIO EUSKADI
Presoen sakabanaketari eusteko arrazoirik ez dagoela esan du Arartekoak
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lezertuak adierazi du azken urtebetean Espainian bi hauteskunde deialdi bata bestearen atzetik egoteak ez duela lagundu presoen auzian aurrera egiten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Lezertua Arartekoak presoen auzia izan du hizpide, besteak beste, goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren iritzian, presoen sakabanaketa politikari eusteko arrazoirik ez dago gaur egun. "Inoiz arrazoirik egon bazen, gaur egun, arrazoi horiek desagertu egin dira", esan du.
Foro Sozialak aurkeztu berri duen txostenari buruz galdetuta, presoen gerturatzea eta preso gaixoen egoera berandu baino lehen aztertu beharreko gaiak direla nabarmendu du Arartekoak.
Bestalde, Espainiako Estatuan dagoen giro politiko nahasiak eta azken urtebetean bi hauteskunde deialdi bata bestearen atzetik egoteak presoen auziari ez diola batere lagundu uste du Lezertuak. Presoen auzia "sistematikoki landu" beharreko gaia dela gaineratu du.
Ararteko modura dagokion lekuan presoen eta haien senideen egoeraren berri ematen jarraituko duela ziurtatu du.
"Jasotzen ditugun kexez haratago, sistematikoki landu beharreko gaia da", zehaztu du.