Politika -

Inbestidura

Sanchezek Urkulluri deituko dio lehenengo, eta Torra bigarren izango da

Quim Torrak esan du Pedro Sanchezek telefonoz deitzea Kataluniako gatazka konponduko ez duen keinu bat besterik ez dela, eta bi gobernuen arteko elkarrizketa abiatzea eskatu du.

Urkullu eta Sanchez, artxiboko argazki batean. Argazkia: Efe
Urkullu eta Sanchez, artxiboko argazki batean. Argazkia: Efe
Gobernua izatearen premia helaraziko die Sanchezek Erkidegoetako presidente guztiei

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariarekin hasiko du erkidegoetako presidenteekin egingo duen dei-sorta; bigarrena Quim Torra Kataluniako presidentea izango da, erkidegoen protokolo ordena horixe delako, Sanchezek berak Bruselara iritsi denean kazetariei azaldu dienez.

Sanchezek argitu du deiak datorren astean hasiko direla, eta aurretik Pablo Casado PPren presidentearekin eta Ines Arrimadas Ciudadanosen bozeramailearekin elkartuko dela. Erkidegoetako presidenteekin izango duen dei-sorta, berriz, "estatutuen antzinatasunaren ordenan" egingo du, "beti" egin delako horrela.

Hala, Generalitateak 'keinu' gisa lehenengo Torrari deitzeko egindako eskaeraren aurrean, hau erantzun du: "Bigarrena izango da, EAEko lehendakariaren ondoren. Ez dut uste arazorik egongo denik".

Sanchezek berretsi du garrantzitsua dela "denek" sentitzea "zeresana" dutela Gobernua lehenbailehen osatzeko beharrean.

"Oinarrizkoa da Espainiako Gobernua lehenbailehen martxan jartzea, jarduneko egoera honetatik atera beharra daukagu", adierazi du presidenteak, Gobernua martxan egoteak erkidegoentzako, "baita Kataluniarentzat ere", duen garrantzia azpimarratu aurretik.

"Premia" hori helarazteko hitz egingo du haiekin; izan ere, indarrean dagoen Gobernu batekin jorratu behar diren gaien artean daude erkidegoen finantziazioa, osasuna, trenak, azpiegiturak eta "egunerokoan oinarrizkoak" diren beste gai batzuk.

Pedro Sanchezek bitan zatitu ditu oposizioko alderdi politikoak: Gobernua osatzea erraztu nahi dutenak, eta blokeoaren aldeko apustua egiten dutenak.

Begi onez jo du zenbait alderdi, batzuk erregionalistak eta beste batzuk nazionalistak, Gobernua osatzearen alde agertu izana.

Beste aldean "ezetz"aren aldekoak daude. Voxi erreferentzia eginez "ultraeskuinetik jarrera hori espero" zuela aipatu ostean, PPren ezezkoa gaitzetsi du, "konstituzionalismoaz lezioak ematen" dituelako "eta Estatu alderdia dela esaten" duelako.

Torrak dio dei bat ez dela nahikoa

Bestalde, Quim Torra Generalitateko presidenteak esan du ez dela nahikoa Pedro Sanchezek telefonoz deitzea, erkidego guztietako agintariekin gauza bera egingo duela jakinda, keinu bat besterik ez dela uste duelako.

Torrak hainbat aldiz deitu dio Sanchezei joan den urriaz geroztik, baina Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ez dio erantzunik eman.

Generalitateko presidenteak errespetu instituzionala eta aldebikotasuna eskatzen ditu, Kataluniako gatazka politikoari konponbidea bi gobernuen arteko elkarrizketaren bidez emateko.   

Arazoa telefono dei bat ez dela eta bi presidenteak bildu egin behar direla azpimarratu dute Generalitateko iturriek.

"Egoera politikoak eskatzen duen maila eman behar dugu guztiok, gatazka politikoari ausardiaz heltzeko, keinu hutsalak albo baten utzita", erantsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Iñigo Urkullu EAE Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako Gobernua