Politika -

Autogobernu Lantaldea

Gure Esku: 'Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua jaso behar du estatus berriak'

Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak esan du kosta egiten zaiola ulertzea Autogobernuaren Lantaldean onartutako oinarrien eta printzipioen inguruan inolako akordiorik lortu ez izana.

Gure Esku plataformako bozeramaileak Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu. Argazkia: Gure Esku
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku plataformako bozeramaileak
Gure Esku plataformako bozeramaileak Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu. Argazkia: Gure Esku

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak adierazi duenez, "une historiko honetan", Eusko Legebiltzarrean adosten den proposamenak "edozein gairi buruz modu eraginkorrean erabakitzeko ahalmena jaso beharko luke, eta, ondorioz, estatus juridiko-politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera".

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez, erabakitzeko eskubidea arautzeko "aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke".

Atzo (asteazkena) elkartu zen Autogobernu Ponentziaren lantaldea estatus berriaren lanketaren fase berriari ekiteko. Hiru testu aurkeztu dituzte bost alderdiek izendatutako adituek: EAJ, Podemos Euskadi eta PSE-EE hirukoak bat, eta EH Bilduk eta PPk bana. EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatutako adituek agerraldi bat egingo dute urtarrilean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Eztabaidarako oinarriak jarri ditu batzorde teknikoak, eta pilota alderdien teilatuan dago.

Orain arte egindako bideari dagokionean, "formulazio ezberdinekin bada ere, hiru sentsibilitate politiko desberdinek ordezkatzen dituzten adituek sostengatutako testuetan dago erabakitzeko eskubidea", esan dute. "Uste dugu albiste ona dela testu juridiko baten proposamenean jasoa egotea erabakitzeko eskubidearen formulazioa. Era berean, positiboki baloratzen dugu talde politiko guztien parte hartzea presente egotea prozesu osoan zehar", azaldu dute.

Aldiz, ez dute ulertzen akordiorik lortu ez izana Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioei eutsiz. "Lehen Eusko Legebiltzarreko bi indar nagusien arteko akordio bat zegoen tokian, orain hiru formulazio ezberdin daude eta akordiorik ez. Hori horrela, oraingoz, ez dago erabakitzeko eskubidearen inguruko formulazio bateraturik, eta horrek esan nahi du une honetan gaitasun falta bat dagoela gizarteak eskatzen duenari erantzuteko: formula eraginkor bat gure etorkizun politikoaz erabakitzeko".

Gure Eskuren ustez, une honetan epe luzerako perspektiba bat beharrezkoa da oinarri berriekin estatutua erreformatzeko, herritarren gehiengoaren borondateari bizkarra eman gabe, ezta bere boto-emaileei ere.

Erreferendum bidez erabaki ahal izatearen aldeko herri ekimena ekarri dute gogora Gure Eskuko bozeramaileek. "Herriz herri eta auzoz auzo hasi gara prestatzen herritarren mobilizazio eta ahalduntze fasea. Ekimen honek ardatz nagusi izango duen sinadura bilketaren bidez, euskal demokrazia baten alde eta erabakitzeko ahalmenaren alde milaka konpromiso bilduko ditugu", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Gure Esku Eguneko albisteak Albisteak