Politika -

Kongresua

Alderdi txikiek bat egin dute, Talde Mistotik ateratzeko

JxCat, BNG, Mas Pais eta Compromis alderdiek talde parlamentario propioa osatzeko akordioa egin dute. UPNk, Coalicion Canariak, PRCk eta Teruel Existek Espainia Plurala izeneko taldea eratu dute.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailea.
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako JxCATek, Galiziako BNGk, Valentziako Compromisek eta Iñigo Errejonen Mas Pais koalizioak talde parlamentario propioa osatzea adostu dute, Talde Mistotik ateratzeko. Talde Parlamentario Anizkoitza jarri diote izena. Laura Borras izango litzateke bozeramailea eta Iñigo Errejon bere ondokoa.

Aurrez, UPNk, Coalicion Canariak (CC), Kantabriako Alderdi Erregionalistak (PRC) eta Teruel Existek eman zuten urrats hori eta dagoeneko Espainia Plurala izeneko talde parlamentarioa eratu dute.  

Kongresu Mahaiak ostiral honetan bilduko da eta orduan erabakiko du bi eskaera horiek balioztatzen dituen ala ez.

Kongresuko araudiaren arabera, 15 eserleku edo gehiago dituzten alderdiek talde propioa izan dezakete. Hori da PSOE, PP, Vox eta Unidas Podemosen kasua. Baina badago beste aukera bat talde propioa osatzeko: Estatuko botoen % 5a baino gehiago eskuratzea (Ciudadanosen kasua) edo alderdi hori aurkeztu den zirkunskripzio guztietan botoen % 15 a lortzea, EAJk, ERCk eta EH Bilduk –lehendabiziko aldiz- egin duten moduan.   

Bi proposamen horiek aurrera eginez gero, Talde Mistoa CUPeko Mireia Vehi eta Alberto Botranek, Foro Asturiasko Isidro Martinez Oblancak eta Nueva Canariaseko Pedro Quevedok osatuko lukete.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika UPN Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Navarra Suma