Politika -
Erregearekin bilera
Aitor Estebanek inbestidura saioan EAJk izango duen jarrera azaldu dio erregeari
EAJ baikor agertu da Pedro Sanchezen inbestidurari begira.
Agentziak | Erredakzioa
Erregea Aitor Estebanekin, Kongresuko EAJko bozeramailearekin, bildu da asteazken honetan, abenduaren 11n, Zarzuela Jauregian. Izandako bileran, Estebanek bere alderdiaren jarrera azaldu dio, Espainiako Gobernuko presidente izango den hautagaia proposatzearen inguruan.
10:20ak pasata, estatuburuak euskal bozeramailea hartu du Audientzia Aretoan. Elkar agurtu ostean, erregearen bulegora joan dira bilera hasteko.
EAJ baikor agertu da Pedro Sanchezen inbestiduraren inguruan, Andoni Ortuzar presidenteak asteburu honetan adierazi duenez.
"Aurrerapausoak ematen ikusten dut", esan du inbestidura honen harira.
Gainera, anekdota hutsa iruditu zaio hautagaiak Kongresuaren konfiantza lortzeko prozesua Eguberrietako jaien aurretik edo ondoren izatea, nahiz eta bere alderdiak inbestidura lehenbailehen izatea nahi duen.
EAJk babestu egiten ditu PSOEk ERCrekin dituen negoziazioak, eta, horren harira, Ortuzarrek adierazi du ulertu behar dela Kataluniako tentsio egoerarekin alderdiek denbora behar izana akordioa lortzeko.
Esteban izan da Felipe VI.arekin bildu den bigarren ordezkari politikoa, alderdietako ordezkariekin egindako azken kontsulta egunean. Erregea Alberto Garzon IUko buruarekin bildu da aurretik.