Politika -
Urteurrena
Arartekoak 30 urte bete ditu herritarren eskubideak defendatzen
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Arartekoa Administrazioarekiko kritikoa den laguntzailea dela, "sortzen diren hutsune batzuk betetzen dituena".
agentziak | erredakzioa
Arartekoaren figurak 30 urte bete ditu, eta guztira 180.000 ekintza egin ditu epe horretan, 140.000 kexa tartean, 164 aholku orokor, 36 aparteko txosten eta 174 argitalpen.
Manuel Lezertua egungo Arartekoak uste du zenbaki horiek "apartak" direla "horrelako erakunde txiki batentzat". Era berean, azpimarratu du giza eskubideen eta pertsona guztien duintasunaren defentsa "arnas luzekoa" dela, eta berdin jarraitzea espero duela beste 30 urtez "gutxienez".
Arartekoaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dute Eusko Legebiltzarrean, eta Bakartxo Tejeria ganberaren presidenteak, ararteko ohiek, Francisco Fernandez Marugan Espainiako herriaren defendatzaileak eta lehendakariak harrera egin diote Lezertuari.
Lezertuak, hitzaldi labur batean, sektore desberdinak ordezkatzen dituzten elkarteak goraipatu ditu: "Gure antenak dira, herritarrek dituzten benetako arazoak identifikatzen dituztenak dira".
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Arartekoa Administrazioarekiko kritikoa den laguntzailea dela, "herritarren eskubideen berme sisteman ezinbestean sortzen diren hutsune batzuk betetzen dituena".
Bestalde, Bakartxo Tejeriak azpimarratu du giza eskubideak babesteko eta zaintzeko tresna dela erakundea, ahulenentzat bereziki.