Politika -

Gaur, Gasteizen

Kritikak gorabehera, Lopez de Abetxuko preso ohiaren hitzaldiari eutsi dio Sarek

Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak berretsi du biktimei errespetu osoa diela, baina adierazpen askatasuna exijitu du ekimenari eusteko.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan jasotako kritikak gorabehera, Jose Ramon Lopez de Abetxuko ETAko preso ohiaren hitzaldiari eustea erabaki du euskal preso, iheslari, eta deportatuen eskubideen aldeko Sare herritarrak. Hitzaldia gaur da EHUk Gasteizen duen campusean. Biktimen elkarteak, hainbat alderdik eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ekitaldia bertan behera uzteko eskatu dute, "iraingarria" delakoan.

Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak berretsi du biktimei errespetu osoa diela, baina adierazpen askatasuna exijitu du ekimenari eusteko.

Lopez de Abetxukorena ez dela "hitzaldi" bat izango azpimarratu du, preso egon zenean gaixotasun larria "nola bizi izan zuen azalduko" duela, besterik ez.

"Ikuspuntu medikutik egoera horretan dauden presoen egoera zein den adierazteko modua besterik ez da", zehaztu du.

"Erabateko errespetua" agertu du biktimekiko, "beti egin dudan moduan", eta inork ezin diela kontrakoa leporatu adierazi du.

Azkarragak biktimak "modu alderdikoian" ez erabiltzeko eskatu die "erabat normala den ekimen honen aurrean ahotsa altxatu dutenei".

"Biktimek babesa eta errespetua behar dute", gaineratu du.

EHU

EHUk, berriz, "ETAren biktimen sentimenduak aintzat hartzeko, sentsibilitatez jokatzeko eta horiei min egin diezaieketen keinuak baztertzeko" eskatu dio Sareri. 

EHUk argitu du ez dituela ekitaldiak "aurretik epaitzen", unibertsitatean egiten diren arren; izan ere, eskaerak egiten dizkiotenean onartu egiten omen ditu "elkarte antolatzaileak legalak badira eta pertsona fisikoek judizialki eskubide zibilen murrizketarik ez dutenean".

Hitzaldia (12:30ean) dago antolatuta, Gasteizko campuseko Elurreta eraikinean. Lopez de Abetxuko preso ohiak eta Txema Matanzas abokatuak hartuko dute parte "Larriki gaixo dauden presoak etxera!" izenburua duen mahai-inguru horretan.

Ordu laurden lehenago, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiak buru duen Esteban de Garibay elkarteak elkarretaratzea deitu du protesta egiteko.

Auziaz galdetuta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadin esan duenez, "juridikoki hitzaldia legezkoa da, baina etikoki eta terrorismoaren biktimekiko elkartasunari erreparatuta, umiliagarria eta mingarria ote den aztertu beharko litzateke".

Lopez de Abetxukoren kasuan legezkoa eta etikoa zer diren bereizi ditu Erkorekak
Lopez de Abetxukoren kasuan legezkoa eta etikoa zer diren bereizi ditu Erkorekak
Lopez de Abetxukoren kasuan legezkoa eta etikoa zer diren bereizi ditu Erkorekak

1:50

Ildo beretik mintzatu da Radio Vitorian Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusia. "Legalki, kartzelatik kanpo dago eta hitzaldia eman dezake, baina etikoki uste dut mingarria dela biktimentzat eta terrorismoaren aurka borrokan ibili garenontzat. Giza eskubideen egunean hiltzaile batek presoek kartzelan duen egoeraren inguruan hitz egiten entzutea mingarria da", adierazi du. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba EHU Presoak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Terrorismoaren Biktimak