Politika -
Elkarretaratzea asteartean
Lopez de Abetxuko preso ohiak EHUn emango duen hitzaldiaren aurka protesta deitu dute
Lopez de Abetxukok 30 urte eman ditu preso. Iazko uztailean atera zen kartzelatik zigorra bete ondoren, eta gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan hitz egiteko asmoa du.
eitb.eus
Esteban de Garibay elkarteak elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, Sarek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) antolatutako hitzaldi baten aurka protesta egiteko. Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohiak parte hartuko du ekitaldian. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn izan zuen ordezkariak elkarteko presidentea da.
Auzitegi Nazionalak Lopez de Abetxukori 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zion 1999an, Eugenio Lazaro Valle Armadako komandante eta Gasteizko Udaltzaingoaren buruzagia hil izana leporatuta. Era berean, Txema Matanzas abokatuak hitzaldian parte hartuko du.
Lopez de Abetxukok 30 urte eman ditu preso Lazaroren hilketagatik. Iazko uztailean atera zen kartzelatik zigorra bete ondoren, eta gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan hitz egiteko asmoa du.
Ekitaldia 12:30ean hasiko da EHUren Gasteizko campusean, Elurretako gradu aretoan.
Sarek idatzi bidez argitu du "larri gaixo dauden presoen errealitatea ezin dela ezkutatu" eta "etxekoen babespean artatzeko duten eskubidea" azpimarratu du.
Hitzaldiko gaia horixe izango dela gogorarazi du Sarek, esanez, "Lopez de Abetxuko gaixo egonda ere kartzela zigorra osotasunean bete zuen, eta horretaz hitz egiteko aproposa da".
"Beste behin espetxe politika berria", aldarrikatu du Sarek.
"ETAko hiltzailearen hitzaldi lotsagarriak behar duen erantzuna pertsona zintzoen elkarretaratze bat da, bidegabekeria hau salatzeko", adierazi du Esteban de Garibay elkarteak sare sozialetan.
Era berean, "ETAko preso ohiaren hitzaldi publikoaren aurkako deialdia" jadanik Ertzaintzari jakinarazi diotela iragarri du elkarteak. Horrela, 12:15etik aurrera EHUko aretoaren aurrean protesta egitera deitu du, Nieves Cano kalean.
Alderdi Popularrak elkartearen deialdiarekin bat egin du, eta ekitaldia "lotsagabekeria" dela kritikatu du. "Biktimak iraintzen" dituen hitzaldi bat da, Iñaki Oyarzabal Arabako PPren presidenteak Twitter sare sozialean salatu duenez.
"Gizarte duin batean (hitzaldi hori) irain onartezina da", epaiaren arabera Lopez de Abetxukok hildako bi biktimaren seme-alabek salatu dutenez. Ana Velasco Jesus Velasco Zuazola Arabako Miñoien nagusiaren alabak eta Eduardo Lazaro Eugenio Lazaro Valleren semeak ohar baten bidez jakinarazi dutenez, terrorismoaren amaierak "ez die hildakoei bizitza itzuliko, baina haien memoria errespetatzea eta omentzea da Zuzenbide Estatu batean eskatu dezakegun gutxieneko gauza".
Era berean, EHUko hitzaldi hori bertan behera uzteko eskatu zuen larunbatean Covite Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak.
Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria "haserre" agertu da hitzaldiarekin, eta bertan behera uzteko eskatu dio Sareri. SER irratiari eskainitako elkarrizketan Lozak esan duenez, "giza eskubideak ospatzeko egunean bertan (asteartean), inolako ibilbiderik ez duen preso hiltzaile batek unibertsitatean hitzaldi bat emateak haserrea sortzen du".
Espainiako Gobernuaren ordezkariak gogorarazi duenez, Lopez de Abetxukok zigorra bete du, "askea da, eta suntsitu nahi izan zuen Konstituzioak berak bermatzen dio adierazpen askatasuna". Hori dela eta, "ekitaldia guztiz legezkoa da, baina ikuspuntu etikotik, sozialetik eta politikotik, baztergarria erabat".