Politika -
MANIFESTAZIOA
Milaka pertsonak euskal errepublika aldarrikatu dute Bilbon
Manifestazioaren amaierako ekitaldi politikoan, Mertxe Aizpuruak esan du PSOE eta Podemos arteko akordioak 'aukera bat' zabaldu duela Estuan 'agenda demokratizatzaile bat' ezartzeko.
EITB.EUS
Milaka pertsona bildu dira, gaur eguerdian, Bilbon, EH Bilduk deituta euskal errepublikaren alde egin den manifestazioan.
Jesusen Bihotzaren plazatik abiatu da martxa, eta ezker abertzaleko koalizioko hamar emakumek eraman dute 'Euskal Errepublika!' leloa zuen pankarta. Amaierako ekitaldi politikoan, Mertxe Aizpurua Kongresuko diputatuak eta Jasone Agirre legebiltzarkideak hartu dute hitza.
Aizpuruak esan duenez, euskal errepublikaren alde "dena emateko prest" dago EH Bildu, eta bide horren helmugara iristea da koalizioaren iparrorratza. "Beharrezkoa bada, infernuraino ere joango gara, demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen, gure eskubide ekonomiko eta sozialen, eta euskal presoen alde", esan du.
"Bermea gara, beste indar independentistekin batera, Estatu espainolak demokraziarantz aurrera egin dezan. EH Bildu demokraziaren bermea da, jendea babestuko duen politika ekonomiko eta sozialen bermea; eskubide eta askatasunen defentsaren bermea gara", gaineratu du.
PSOE eta Podemosen arteko itunaren ondorioz eratu daitekeen Espainiako Gobernu berriaz ere mintzatu da diputatu abertzalea. Horren hitzetan, "PSOE eta Podemosen arteko Gobernuaren iragarpenak Estatuari aukera bat ireki dio aspalditik datozen arazoak soluziobidean jartzeko".
Espainiako Kongresuan independentismoa sendo dagoela esan du Aizpuruak: "29 diputatu gara: gehiago eta indartsuago. Eta elkar hartuta arituko gara".
Jasone Agirre legebiltzarkideak ere euskal errepublika aldarrikatu du, "herri honek bere erabakiak hartzeko, Madriletik datozen miserien menpe egon gabe". "Zergatik gura dudan Euskal Errepublika galderari erantzun nahi diot gaur. Gura dudalako, euskalduna naizelako, ez naizelako espainiarra", adierazi du.