Politika -
Memoria Historikoaren Legea
Adituek frankismoaren biktimentzako kalte-ordaina aztertzeko eskatu du Legebiltzarrak
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin atera da aurrera ekimena. Memoria Historikoaren Legea onartuta, urtebeteko epean aditu talde bat osatzea galdegin du Ganberak.
Agentziak | Erredakzioa
Memoria Historikoaren euskal Legea onartzen denean, aditu talde bat osatzea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, Gerra Zibileko (1936-1939) eta frankismo garaiko biktimek jaso beharreko kalte-ordainak azter ditzan.
Eskaera gaurko osoko bilkuran onartu du Ganberak, EH Bilduk proposatutako eta Elkarrekin Podemosek babestutako ekimen baten harira. Koalizio subiranistak honakoa eskatu du bere proposamenean: sei hilabeteko epean, biktima horiei zuzendu beharreko erreparazio neurri ekonomikoak zehaztuko lituzkeen ikerketa egitea.
Proposamen hori, ordea, ez da aurrera atera, kontra bozkatu baitute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Horren ordez, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek babestutako zuzenketa bat atera da aurrera. PPk zuri bozkatu du, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, kontra.
Memoria Historikoaren lege proposamena "lehenbailehen" Ganberan izapidetzea eskatu dute testuan. Jaurlaritzak irailaren 24an onartu zuen aurreproiektua, Gerra Zibileko zein frankismoko biktimak aitortu eta erreparazioa ematea du helburu.
Aurreproiektu horrek aurreikusi duenez, legea onartu eta gero txosten bat egingo dute biktimei zuzendu beharreko kalte-ordainak zehazteko.
Legebiltzarrak gaur onartutako testuak aditu talde bat eratzea ere eskatu dio Jaurlaritzari, eta urtebeteko epea eman dio horretarako (betiere, legea onartu ondotik kontatuta). Talde horrek zehaztuko ditu erreparazio ekonomikoaren nondik norakoak.
Taldeen adierazpenak
Eztabaidan zehar, Jule Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gogor egin du Jaurlaritzaren lege-egitasmoaren kontra, "anbizio bakoa eta hutsa" dela argudiatuta. Arzuagak kritikatu duenez, kalte-ordainak Gogora Institutuak egindako txosten baten arabera zehaztuko dituzte.
Joseba Diez EAJko ordezkariaren esanetan, Jaurlaritza lege "integral" bat lortzeko lanean ari da, eta eztabaida "txosten jakin baten" baitara mugatzea egotzi dio EH Bilduri. Biktimen defentsan koalizio abertzalearen "leziorik" onartzeko prest ez daudela esan du, gainera. "Demokrazia defendatu zuten gudariak ETA talde terroristaren kideekin alderatu dituzue", salatu du EH Bilduri zuzenduta.
Arzuagaren ildotik mintzatu da Jon Hernandez Elkarrekin Podemosen legebiltzarkidea. Kritikatu duenez, "legeak ez baditu espresuki kalte-ordainak zehazten, Gogora institutuak esandakoaren araberakoak izango dira".
Miren Gallastegi PSE-EEren ordezkariaren hitzetan, frankismoko biktimen "aitortza eta erreparazio" prozesua burutu behar da, bereziki alderdi batzuek memoria historikoaren kontrako aldarria darabilten honetan. Dena dela, azpimarratu du Jaurlaritzaren lege proposamenak kalte-ordainak aurreikusiko dituela.
Azkenik, Carmelo Barriok (PP) EH Bildu izan du jomuga bere agerraldian. Koalizioak proposatutako sei hilabeteko epea hizpide, "presak onak ez" direla nabarmendu du eta gai honetan "protagonismoa" bilatzea egotzi dio.