Politika -
Inbestidura
ERCk 'triunfalismoa alde batera uzteko' eskatu die sozialistei
Sanchezek ziurtatu duenez, bere inbestidura ahalbidetzeko ERCrekin lortutako akordioa "legezkotasun demokratikoaren eta Espainiako Konstituzioaren mugen barruan egongo da beti".
Agentziak | Erredakzioa
PSOE eta ERCren arteko negoziazioak bide onetik doazela esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak, eta, edozein akordio lortuta ere, Espainiako Konstituzioaren mugen barruan egongo dela hitzeman du. Alabaina, errepublikanoek ez dituzte ondo hartu adierazpen horiek, eta "triunfalismoa alde batera uzteko" exijitu diete sozialistei, akordioa urruti dagoelako oraindik.
Sanchezen hitzetan, bere inbestidura ahalbidetzeko ERCrekin lortutako akordioa "legezkotasun demokratikoaren eta Espainiako Konstituzioaren mugen barruan egongo da beti", eta, ados jartzen direnean, akordioa publiko egiteko konpromisoa hartu du.
ERCren iritzian, berriz, jarduneko presidentearen hitzak "presioa egiteko modua" dira, akordioa lortzeko "presa handia dutelako, nahiz eta jakin badakiten negoziazioak ez daudela behar bezain aurreratuta balizko akordio bat nolakoa izango den iragartzeko".
Sanchezen eta beste kide sozialista batzuen hitzen ostean, errepublikanoek ohartarazi dute bide hori hautatzeak ez duela akordioa errazten, eta, astearterako aurreikusitako bilera arriskuan ez dagoen arren, "bide horretatik jarraituz gero, akordioa ez da posible izango", gaineratu dute.