Politika -
Manifestazioa
EH Bilduk Euskal Errepublikaren aldeko manifestazioa deitu du abenduaren 6rako Bilbon
EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "bete ditzagun Bilboko kaleak, Alvarez de Toledo eta enparauei esateko herri honetan gehiengoa garela Euskal Errepublika libre batean bizi nahi dugunak".
eitb.eus
Jasone Agirre legebiltzarkideak agerraldia egin du gaur goizean, EH Bilduk Bilbon "Euskal Errepublikaren" aldeko manifestazioa deitu duela iragartzeko.
"Beste urte batez, Euskal Errepublika aldarrikatzeko abenduaren 6an Bilboko kaleetan egingo dugun manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu bidezko jendarte aurreratuen eraikuntzarako printzipio demokratikoetan sinesten duten euskal herritarrak", adierazi du Agirrek agerraldian.
Manifestazioa deitzeko aukeratutako data ez da kasualitatea. Izan ere, "batzuk Espainiako Konstituzioaren urteurrena ospatzen ari diren bitartean, Bilboko kaleetara irteteko deia egiten diegu euskal herritarrei, argi eta ozen adierazi dezaten euskal gizartearen zati handi batek ez duela bere burua ordezkatua ikusten konstituzio horretan", azal du du legebiltzarkide abertzaleak.
"Aurten inoiz baino arrazoi gehiago ditugu Bilboko kaleetara irten eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Espainiako ultraeskuina hazita dago, eta behin eta berriro errepikatzen ditu Espainiako Estatuko herri zaharrei zuzendutako mehatxuak. Frankismoa eta bere baloreak oso presente daude eta Madrilgo jardun politikoa baldintzatzen dute. Euskaldunok ondo dakigu zer esan nahi duen horrek eta izango dituen ondorioak", azaldu du Agirrek.
Agirrek, halaber, esan du logika horretan ulertzen dutela "Espainiako Konstituzioaren defentsan guk manifestazioa daukagun ordu berean Bilboko Arriaga plazan egingo duten ekitaldia. Espainiako eskuinaren ordezkariek deitu dute Arriaga plazako ekitaldia, eta bertan parte hartuko dute Espainiako 'demokraziaren' defendatzaile sutsu batzuk: Cayetana Alvarez de Toledo, Rosa Diez, Fernando Savater eta Arcadi Espada".
"Ostiralean bete ditzagun Bilboko kaleak, Cayetana Alvarez de Toledo, Rosa Diez, Fernando Savater, Arcadi Espada eta enparauei eta ordezkatzen duten Espainiako ultraeskuinari mezu argi bat helarazteko: gure herrian, Euskal Herrian, gehiengoa gara gure etorkizuna erabaki nahi dugunak, gehiengoa gara demokrazian eta askatasunean bizi nahi dugunak, gehiengoa gara zaindu eta babestuko gaituen Euskal Errepublikan bizi nahi dugunak, gehiengoa gara etengabe mehatxatzen gaituen Espainiako Estatuarekin loturarik izan gabe hobeto bizi nahi dugunak", amaitu du.