Politika -
EAE-ko Estatutu berria
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen formulazioak erabakitzeko eskubidearen harira
EAJk eta Elkarrekin Podemosek aukeratutako adituek ariketa hori Estatuarekin hitzartu behar dela diote. EH Bilduk Euskal Estatuaren eta Espainiako Estatuaren arteko itun konfederala aipatzen du.
ERREDAKZIOA
EAJ, Elkarrekin Podemos eta Euskadiko Alderdi Sozialistak izendatutako adituek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Estatutu politiko berriaren testu artikulatua adostu dute.
Atzo jakin genuen erabakitzeko eskubidea xedapen gehigarri batean sartuko dutela, bi formulazioarekin eta boto partikular batekin. Gaur, ostera, testu horiek ezagutu ditugu.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik iragarri dutenez, Mikel Legarda EAJk izendatutako adituak idatzitako formulazioan erabakitzeko eskubidea hitzez hitz agertzen da. Eskubide historikoak erabakitzeko eskubidearen bidez gauzatu behar direla eta herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dutela dio, betiere aurrez Estatuarekin hitzartuta.
Arantza Elizondo Elkarrekin Podemoseko adituaren testuak, berriz, ez dio erabakitzeko eskubideari aipu zuzenik egiten, baina herritarren borondateaz eta beren iritzia libreki eta demokratikoki adierazteko eskubideaz hitz egiten du. Kasu honetan ere, galdeketa hori Estatuarekin adostu beharko litzatekeela zehazten da.
Bestalde, Alberto Lopez Basaguren PSE-EEk aukeratutako adituak boto partikular luze bat aurkeztu du erabakitzeko eskubidea aitortzen duen testu juridikorik existitzen ez dela azpimarratuz eta, beraz, eskubide hori Estatutuan jaso beharko ez litzatekeela esanez.
Kontsultari buruzko puntuan, berriz, kontsulta ahalduntzailea hitza bera aipatu gabe, Estatutuaren erreforma berria Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu beharko duela jasotzen du testuak, eta tramitazioan, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko dela, Espainiako Gorteetara bidali aurretik, aukera izanik, loteslea izango ez den kontsulta egiteko herritarren artean.
Puntu horretan ere, Euskadiko Alderdi Sozialistako adituaren boto partikularra dago, kontsulta horren aipamen hori berarentzat beste aldea baldintzatzen duen erreferenduma delako.
Estatuarekiko harremanari dagokionez, bitariko batzorde baten sorrera aipatzen da. Izenarekin ez daude ados; bitariko batzordearen kontzertu politikoa proposatzen du EAJko adituak; beste biek, berriz, elkarlanerako batzordea. Hau izango litzateke aldebiko harremanen eta desadostasunak aztertuko lituzkeen organoa.
Nazionalitate eta hiritartasunaren harira, EAEn bizi diren edozein herritarren eskubideak aipatzen ditu testuak, eta horri euskal nazionalitatea aitortzea eransten dio EAJko adituak.
Lurraldetasunaz, azkenik, sozialisten adituen boto partikularrarekin, testuak jasotzen duenez, subjektu politiko horren parte lirateke Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia, baita Nafarroa ere, hala nahi izanez gero.
EH Bilduren proposamena erabakitzeko eskubideari buruz
Estatutu berria idazteko oinarriak adostu zituzten EH Bilduk eta EAJk. Alabaina, jeltzaleek akordio hori hautsi dutela iritzita, koalizio soberanistak bere proposamen propioa aurkeztuko du autogobernu lantaldean.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik aurreratu duenez, Iñigo Urrutia EH Bilduk aukeratutako adituak landu duen testu artikulatuaren oinarri nagusietako bat da erabakitzeko eskubidea. Proposamen horretan Euskal Estatuaz hitz egiten da eta Estatuarekin egin beharreko ituna konfederala izango litzatekeela aipatzen da.
Erabakitzeko eskubidea atariko izenburuan dago jasota. Kontsultak eta erreferendumak arautzeko eskumena Euskal Estatuak izango duela eta edozein gaitaz galdetu ahalko dela azpimarratzen da, baita beste lurralde batzuekin izan beharreko harremanaz ere, Euskal Herrikoak, Espainiako Estatuak nahiz Europako edo nazioarteko beste eremu politiko batzuetakoak barne.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko formula "zehatzak, operatiboak eta eraginkorrak" aurreikusten ditu, kontsulta ahaldungarri edo azken berrespenerako erreferendum gisa.
Erabakitzeko eskubidea Estatutu berriaren jatorria eta oinarria dela nabarmenduta, EH Bilduren testuak dio "euskal gizarteak momentu historiko bakoitzean eskuratu nahi duen autogobernu maila lortzeko tresna demokratikoa" dela eta bide horretan "inolako mugarik izango ez" dela zehazten du, independentziaren aukerari aipu eginez.