Politika -

Segurtasun alerta

Mendebaldeko Saharan atentatuak izateko arriskuaz ohartarazi du Espainiako Gobernuak

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordearen esanetan "benetako mehatxua" da. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak, berriz, "justifikaziorik gabekotzat" jo du alerta.

Tindufeko kanpamentuak. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Tindufeko kanpamentuak
Tindufeko kanpamentuak. ETBren bideo batetik lortutako argazkia

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak ostegun honetan jakinarazi duenez, Mendebaldeko Saharan atentatu terroristak gertatzeko arriskua dago. Atzerri Ministerioak atzo iragarri zuen jada, ez duela sahararren kanpamenduetara bidaiatzea gomendatzen. 70 euskal ikasleko talde batek Tindufeko (Aljeriako mendebaldea) errefuxiatu sahararren kanpamentuetara bidaiatzeko asmoa du ostiral honetan.

Carmen Calvo Espainiako jarduneko Gobernuko presidenteordeak alerta egoera berretsi du, eta atentatuen "mehatxua kontrastatuta" dagoela adierazi du.

Calvoren arabera, Defentsak "abisatu, prebenitu eta ezer ez gertatzeko nahikoa informazio eman nahi izan du"; izan ere, "benetako mehatxua da, beste batean ere gertatu dela egiaztatuta daukagu".

Bestalde, Margarita Robles jarduneko Defentsa ministroa kezkatuta agertu da atentatuen mehatxuaren inguruan "oso informazio zehatza" dagoelako. Roblesek azaldu duenez, "edozein kontsiderazio politikotik at" dauden "atzerriko inteligentzia zerbitzuek" eman die informazioa.

Ministroaren arabera, Saharan jarduten duten talde terroristak daude, "errealitate ukaezina da", esan du, eta jasotako informazioak "berehalako arriskua" aipatzen duela gaineratu du.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak alerta kritikatu du

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (RASD), berriz, "Marokorekin konplizitatea" izatea eta "justifikaziorik gabeko" segurtasun alerta bat abiatzea leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Ohar batean ohartarazi duenez, RASDek argudiatu du "arraroa eta susmagarria" dela Nasser Bourita Marokoko Kanpo Arazoetako ministroak atzo Pedro Sanchezen harrera jaso eta berehala eman izana alerta.

"Saharako Errepublikako Gobernuak eta Fronte Polisarioak atsekabe eta harridura sakona adierazten dute adierazpen susmagarri honengatik, Saharako errefuxiatuen kanpalekuak ez bisitatzeko ohartarazpena ez dagoelako justifikatuta, salbu eta konplizitate harrigarriaren emaitza diren arrazoi politiko edo objektiboak badaude. Errefuxiatuen aurka ez ezik, errefuxiatu horiek hartzen dituen herrialdearen aurka ere zuzentzen da", adierazi du.

RASDek, era berean, alarma piztu den unea deitoratu du; izan ere, egun horietan joan ohi diren dozenaka familiaren bidaiarekin bat egiten du, udaran hartzen dituzten haurren etxean egun batzuk igarotzeko, eta Fronte Polisarioaren kongresua hasi eta hiru aste baino gutxiagora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika Espainiako Gobernua Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Mendebaldeko Sahara Rabat gaur