Politika -
Polemika
Iruñeko Udalak bertan behera utzi du pailazoekin egindako kontratua
Nafarroako Kontseiluak ebatzi du 'Pirritx, Porrotx eta Marimotots' pailazoen ikuskizuna bertan behera uzteko arrazoirik ez dagoela. Hala ere, Enrique Maya alkateak kontratua etetea erabaki du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduren Udal Gobernuak aurreko legealdian Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin egindako kontratua legezkoa zela eta baliorik gabe uztea bidegabea izango litzatekeela ebatzi du.
Hala ere, Enrique Maya alkateak entzungor egin dio ebazpenari, eta Udalak Katxiporreta Kooperatiba Elkartearekin zeukan kontratua eten egin du. Hortaz, ostiral honetan ez da umeentzako ikuskizunik izango Baluarten.
Kontratua egin zenean "hainbat irregulartasun" izan zirela berretsita, gatazka hau auzitegietara eramateko asmoa iragarri du Udalak.
Bere erabakia justifikatzeko, Navarra Sumak ohar batean esan du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek inoiz ez direla Iruñean aritu, eta kontratazio horren atzean Maider Beloki EH Bilduko Kultura zinegotzi ohiaren "erabaki politikoa" dagoela.
Horrez gain, Udalak aitortu du "pailazo horiek publikoki erakutsi duten jarrera ideologikoagatik" erabaki dutela horien ikuskizuna bertan behera uztea.
Amaitzeko, Udal Gobernuak esan du "ezinezkoa" izango litzatekeela ikuskizuna ostiralean egitea, "arrazoi teknikoak" tarteko.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek prentsaurrekoa egingo dute ostegun honetan Iruñean (11:00) Udalaren erabaki horri erantzuteko.