Politika -
2020-ko aurrekontuak
EH Bilduk uste du badagoela aukera Chiviterekin Aurrekontuak negoziatzeko
Nafarroako Gobernuko presidentea EH Bildu eta Navarra Sumako ordezkariekin bildu da arratsaldean, datorren urteko Aurrekontuak negoziatzeko aukerak aztertzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea Navarra Suma eta EH Bilduko bozeramaileekin bildu da arratsalde honetan 2020ko Aurrekontuak negoziatzeko aukerak aztertzeko asmoz.
Batzarra amaituta, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak esan du "gai askotan" Chiviterekin bat etor daitezkeela ikusi dutela, eta gaurko bilera "lehen pauso garrantzitsua" izan dela azpimarratu du.
"Planteatu ditugun gai askotan sintonia ona ikusi dugu; beste gai batzuetan, berriz, desadostasunak ditugu", zehaztu du.
Koalizio soberanistak balizko negoziazioa abiatzeko oinarriak biltzen dituen dokumentua eman dio Chiviteri, eta honek proposamenari erantzuteko konpromisoa hartu duela adierazi du Ruizek.
(Maria Chivite Navarra Sumako ordezkariekin. Argazkia: EFE)
Esparzak aukeratu egin behar duela esan dio Chiviteri
EH Bildurekin bildu aurretik, Chivitek Navarra Sumako Javier Esparza hartu du bere bulegoan.
Aurrekontuak norekin negoziatu nahi dituen erabakitzeko eskatu dio Esparzak Chiviteri, eta koalizio soberanistarekin bildu izana leporatu dio.
"Haserre gaudela esan diot Gobernuko presidenteari, EH Bildu Navarra Sumaren pare jarri duelako. Eta Navarra Suma EH Bildurengandik oso urrun dago, etikoki, demokratikoki eta askatasunen defentsari dagokionez", nabarmendu du.
"Hain ezberdinak diren bi alderdioi tratu bera emanda, iraingarria eta errespetu falta da guretzat", erantsi du.
Nolanahi ere, arduraz jokatuko dutela eta Aurrekontuak negoziatzeko prest daudela ziurtatu du Esparzak. Alabaina, "presidenteak erabaki bat hartu behar du: akordioa gurekin edo EH Bildurekin egin nahi duen esan behar du", berretsi du.