Politika -

Katalunia

Parlamentak 'proces'aren epaia errefusatu eta autodeterminazioa babestu du

ERCren, JxCaten eta CUPen zuzenketak onartu dituzte, elkarri babesa eman ostean, Auzitegi Konstituzionalaren aginduari iskin egin eta autodeterminazioaz eztabaidatzeko.

Kataluniako Parlamentua. Argazkia: Efe
Kataluniako Parlamentua. Argazkia: Efe
Kataluniako Parlamentua. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak autodeterminazioaz eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko ebazpen bat onartu du, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak eskubide horri erreferentzia egiten zion puntua bertan behera utzi, JxCaten, ERCren eta CUPen botoei esker.

Konstituzionalak bertan behera utzitako puntuak autodeterminazio eskubidearen defentsa eta Monarkiaren aurkako jarrera aipatzen zituen. Ondorioz, testutik kendu zuten, baina JxCatek, ERCk eta CUPk zuzenketak aurkeztu dituzte, Konstituzionalaren erabakia errefusatzeko eta atzera testua sartzeko, edo autodeterminazioaz "eztabaidatzeko eta bozkatzeko" eskubidea aldarrikatzeko.

Alderdiak ez dira ados jarri ebazpenari erantzun bateratua emateko, baina bakoitzak bere zuzenketa aurkeztu du eta elkarri babesa eman diote aurrera egin zezaten.

Ebazpena zuzenketekin batera bozkatu dute, eta 68 aldeko boto (JxCat, ERC eta CUP), kontrako 21 (PSC-Units eta PP), eta bost abstentzio jaso ditu. Ciudadanosek ez du bozketan parte hartu, Parlamentutik joan baitira parlamentariak.

CUPen zuzenketak Konstituzionalaren erabakia gaitzesten eta aipatzen du, eta salatzen du auzitegiaren jarduera "adierazpen askatasunaren, askatasun ideologikoaren eta parte-hartze politikoaren aurkakoa" dela.

ERCren kasuan, horrez gain, babesa helarazi diote Roger Torrent Parlamenteko presidenteari eta Mahaiko kideei, Fiskaltzak ikerketa abiatu duelako horien kontra.

JxCatek ere Konstituzionalaren erabakia kritikatzen eta aipatzen du, eta auzitegiarenak eztabaida demokratikoa mugatzen duten eskuhartzeak direla adierazi du.

Era berean, testuan 'proces'aren aurkako ebazpena errefusatu dute, "injustua" delako eta "oinarrizko eskubideen egikaritzea mugatzen" duelako "demokratei eragiten dien Estatuaren autoritarismo joeraren ondorioz".

Preso dauden buruzagi politikoak askatzea, Kataluniako gatazkaren izaera politikoa aitortzea eta arazoak auzitegiekin ez konpontzea ere eskatu dute testuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala CUP albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC azken ordukoa