Politika -

Autogobernua

Adituek astelehenean aurkeztuko dute Estatutu berriaren proposamena Legebiltzarrean

Erabakitzeko eskubidea da alderdien artean desadostasun handiena eragin duen puntua. Adituek datorren ostegunean egingo dute azkeneko bilera.

Autogobernuko lantaldeak aukeratutako aditu taldea. Artxiboko argazkia: EFE
Autogobernuko lantaldeak aukeratutako aditu taldea.
Estatutu berrirako txostena bere ibilbideko azken urratsak egiten ari da

1:43

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarraren Autogobernu Lantaldeak EAEko Estatutu berri bat sortzeko proposamena idazteko izendatutako aditu taldeak astelehenean aurkeztuko du bere proposamena Eusko Legebiltzarrean. Urtebetez egon dira testu artikulatu bat prestatzen.

Ekainean, proposamena aurkezteko epea betetzear zela, bost hilabete gehiago eskatu zituzten adituek. Gaur goizean ia sei orduz egon dira bilduta, eta datorren ostegunean egingo dute azkeneko batzarra. Erabakitzeko eskubidean dago korapilo nagusia.

Dokumentua egin ondoren, datorren astelehenean erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta egun horretatik aurrera hasiko da Legebiltzarreko taldeek zirriborroa eztabaidatu eta izapidetzeko prozesua.

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek adostasun maila handia erdietsi omen dute; ikusteko dago, ordea, nola eta zein eratara helduko den erabakitzeko eskubideari buruzko formulazioa. Hainbat iturriren arabera, xedapen gehigarrian jasoko da, oraingoz argitu gabe dago nola.

Azken egunetako adierazpenen arabera, Euskadiren autogobernua eta etorkizuna "aske" erabakitzeko eskubidea defendatuko du EAJk gune guztietan. Sozialistek, aitzitik, argi esan dute ez dutela onartuko erabakitzeko eskubidea inolako formulazioan.

Bestalde, PPk eta EH Bilduk iragarri dute proposamen propioa aurkeztuko dutela. Arnaldo Otegi koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak EH Bildurekin egin zuen akordioa hautsi izana eta autogobernuari buruzko "beste debate bat" abiaraztea leporatu dio EAJri.

Cristina Macazaga Elkarrekin Podemosek lantaldean duen ordezkariak "zuhurtzia" eskatu du, eta adituek testu artikulatua aurkeztu arte koalizioak ez duela bere iritzia emango iragarri du.

Azkenik, Alfonso Alonso Euskadiko PPren buruak hitz gogorrak izan ditu estatutu berri bat sortzeko proposamenaren inguruan. Horren ustez, "Espainian lo zegoen beste fronte bat irekiko da, Estatutua likidatzen duen eta esparru konstituzionala gainditzen duen erronka batekin".

Bost aditu daude Lantaldeak izendatutako batzordean: Mikel Legarda (EAJk proposatutakoa), Iñigo Urrutia (EH Bildu), Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemos), Alberto Lopez Basaguren (PSE-EE) eta Jaime Ignacio del Burgo (PP).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Autonomia Estatutua