Politika -

Espetxe politika

Presoen urruntzeak bi auto-istripu gehiago eragin dituela salatu du Etxeratek

Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, istripu horiek salatzeko.

Euskal presoen lagunek bi auto-istripu izan dituzte asteburuan. Argazkia: @EtxeratElkartea
Euskal presoen lagunek bi auto-istripu izan dituzte asteburuan.
Euskal presoen lagunek bi auto-istripu izan dituzte asteburuan. Argazkia: @EtxeratElkartea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak "presoei ezarritako urruntzearen eraginez asteburuan izandako bi auto-istripu" salatu ditu. Ildo horretatik, lau lagun zauritu direla nabarmendu du, baina, "zorionez, ez dute kalte larririk jasan".

Ostiral arratsaldean, Alboloteko espetxean (Granada, 840 km) dauden Ainhoa Mujika eta Jon Olarra preso donostiarren lagunek talka egin zuten N-1 errepidean, Madrildik gertu, euriteak auto-ilara luzeak eragin zituen tarte batean. Dena dela, bidea egiten jarraitu zuten, hurrengo egunean bisita egin ondoren berriz ere etxera itzultzeko.

Bestalde, larunbatean, Villabonan (Asturias, 440 km) espetxeratutako Olga Comes preso iruindarraren bi senide, tartean adingabe bat, auto-istripu bat izan zuten Altuben, presoari bisita egin ondoren. Furgoneta bihurgune batean atera zen, bazter babesarekin talka eginez, euriaren ondorioz aurretik beste bi istripu izan ziren leku batean.

Testuinguru horretan, Etxeratek salatu duenez, bi ezbehar berri horiek "zortzira igo dute aurten senide eta lagunek jasan dituzten istripuen kopurua". Elkarte horren esanetan, "30 urtez 1.000 zauritu inguru eta 16 hildako eragin ditu dispertsioak senide eta lagunei egitera behartutako bidai luzeetan".

Arrazoi horregatik, elkarteak dio "premiazkoa" dela "senide eta lagunei ezarritako kondenari amaiera jartzea, dispertsioak eragindako hildakoen aitortza lortzea eta preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzea, asteburu honetan gertatutako istripuak bezalakoak inoiz gehiago gerta ez daitezen".

Halaber, Etxerat elkarteak elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, istripu horiek salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak