Politika -
2020ko euskal aurrekontuak
Azpiazu EH Bildurekin bilduko da arratsaldean, Aurrekontuak negoziatzeko
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernuak ez du gehiengo osorik, eta boto bat behar dute legealdiko azken urteko aurrekontuak onartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua EH Bildurekin elkartuko da gaur arratsaldean, 17:00etan, datorren urteko aurrekontuen proiektuari buruz hitz egiteko. Halaber, Elkarrekin Podemosek negoziatzen jarraitzen du, eta ostiralean bilduko da berriro Azpiazurekin.
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernuak ez du gehiengo osorik, eta boto bat behar dute legealdiko azken urteko aurrekontuak onartzeko. Hori dela eta, oposizioko talderen baten babesa jasotzen saiatzen ari dira egunotan.
Ostegun arratsaldeko bileraren ostean (Maddalen Iriarte bertan hitz egindakoaz mintzatuko da batzarra bukatu bezain pronto prentsaurrekoan), Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiarekin bilduko da Azpiazu, bigarrenez, ostiral goizean.
Dena dela, koalizio morea osatzen duten hiru alderdietako batek, Ezker Anitzak, ez du proiektu horren inguruan ezer negoziatu nahi, eta kontra bozkatuko duela jakinarazi du, "Eusko Jaurlaritzak ez dielako enplegu politiketan ditugun eskaerei jaramonik egin, ezta PPrekin hitzartutako zerga-erreforma indargabetu ere".
Alderdi Popularrarekin ere bilduko da Iñigo Urkulluren gobernua, baina Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak aitortu du aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko aukerak "oso txikiak" direla, eta "litekeena" dela Jaurlaritzak Podemosekin lortzea akordioa.