Politika -

Lazo horien auzia TSJC-an

Torra: 'Hauteskunde Batzordearen agindua legez kanpokoa zelako desobeditu nuen'

Kataluniako presidenteak ez die erantzun Voxen eta Fiskaltzaren galderei. Auzitegiak ez du onartu epaiketa bertan behera uzteko defentsak egindako eskaera.

Torra, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Torra, akusatuen aulkian
Quim Torra: 'Bai, desobeditu egin nuen'

1:54

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia (TSJC) gaur hasi da Quim Torra Kataluniako presidentea desobedientziagatik epaitzen. 2019ko martxoan Hauteskunde Batzorde Nagusiak (JEC) Generalitateko eraikinetatik lazo horiak kentzeko emandako agindua ez betetzeagatik jesarri dute presidentea akusatuen aulkian.

Torrak azaldu duenez, Batzordearen agindua "legez kanpokoa" zelako desobeditu zuen. Kataluniako presidentearen hitzetan, Batzordea ez dago Gobernuaren gainetik, eta, beraz, ez ditu zertan horren aginduak bete behar. "Bai, desobeditu nuen. Ezinezkoa da legez kanpokoa den agindu bat betetzea", erantsi du.

Kataluniako presidenteak hitza hartu bezain laster argitu du ez dituela herri akusazioaren (Vox alderdia) galderei erantzungo, "alderdi frankista" bat delako. "Herri honek 40 urtez pairatu du diktadura frankista, eta ez du erantzungo". Fiskaltzak egindako itaunak ere ez ditu erantzun Torrak.

Torraren esanetan, Generalitateak ez zuen 2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan parte hartzen, eta Kataluniako presidentea den aldetik, Lurraldeko Hauteskunde Batzordearen aginduen menpe dagoela, ez Nagusiaren menpe.

"Hauteskunde Batzorde Nagusiak agindua eman zidan, mehatxatu ninduen eta ahalguztiduna balitz eta nonahi balego bezala jokatu zuen. Ez nengoen hori onartzeko prest", salatu du.

Torrak uste du auzi hori bere "adierazpen askatasun eskubidearen urraketa bat eta zentsura hutsa" dela.

Kataluniako presidenteak defendatu duenez, lazo horia ez da sinbolo alderdikoia, eta estelada "askatasun egarriaren ikurra" da, eta erabat legezkoa da.

Defentsak epaiketa bertan behera uztea eskatu du

Epaiketa 09:00etan hasi da, aurretiazko arazoekin. Hain justu, Torraren abokatuak haren kontra desobedientziagatik abiatutako auzia baliogabetzea eskatu du epaile inpartzial bat izateko eskubidea —epaiketa bera inpartziala izango ez dela ondorioztatu du— eta presidentearen errugabetasun presuntzioa urratzen ari direlakoan: "Sistema demokratikoa salbatzeko aukera historikoa duzue".

Isabel Elbal defentsa abokatuak nabarmendu duenez, Torra salatu zuten Hauteskunde Batzordeko bi kideek prozesu subiranistaren kontrako adierazpenak egin zituzten, eta instrukzio epaileak ere "ikerketa partziala" egin zuen.

Deitoratu duenez, instrukzio epaileak gertakarien inguruko iritzia eman zuen objektiboa izan behar zen auto batean. Horrez gain, salatu du auzia epaituko duen aretoa "kutsatuta" dagoela Jesus Maria Barrientos epaimahaiko presidentea eta Mercedes Armas magistratuak eurak izan zirelako Fiskaltzaren kereila tramitera onartu zutenak.

Auzitegiak, ordea, baztertu egin du epaiketa bertan behera uzteko eskaera hori, baita defentsak egindako gainerakoak ere. Argudiatu duenez, aurrez egindakoak dira denak, eta aurrez ukatutakoak.

Aurretiazko arazoekin amaituta, Torra izan da lehena deklaratzen, akusatu gisa. Ondoren, dozena bat poliziak eta Miquel Esquius Mossoen komisario buru ohiak deklaratu dute.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da. Carlos Carrizosa Kataluniako Parlamentuko Cs alderdiko bozeramaileak deklaratuko du lehenik, eta hauen txanda izango da gero:  Teresa Cunillera Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaile ohia, Rafael Ribo Kataluniako Herritarren Defendatzailea eta Miquel Buch Barne kontseilaria.

Torra, emaztearekin eta abokatuekin Auzitegian.

Torra, emaztea eta abokatuak ondoan dituela, Auzitegiaren atarian. Argazkia: EFE

08:30 aldera heldu da Auzitegi aurrera. Bertan izan ditu zain Artur Mas Kataluniako presidente ohia, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, Kataluniako Gobernuko hainbat kontseilari, JxCat, ERC eta CUP alderdietako buruzagiak eta Omnium, AMI, ANC taldeetako kideak. Aipatutakoez gain, 500 bat pertsona bildu dira Auzitegiaren aurrean, eta "Ez da justizia, mendekua da", eta "Askatasuna preso politikoentzat" bezalako leloak oihukatu dituzte.

"Estatuak nire eskubideak urratu ditu"

Astelehen honetan, epaiketan, Estatuari "nire eta kataluniar guztien eskubideak urratzea" leporatuko diola iragarri zuen atzo Torrak Bescanon (Girona). "Ez naiz ezertaz defendatuko, presidente gisa nire eginbeharra bete nuelako, askatasuna eta eskubideak defendatzea, alegia", adierazi zuen Torrak ehun bat lagunen aurrean, 'dinar groc' edo bazkari hori batean.

Kataluniarrek proces auziaren epaiari emandako erantzunaren aurrean pozik agertu zen. "Sententzia bidegabe baten aurrean herriak erantzun du", esan zuen. "Nire herria kalera atera izan ez balitz, desengainua hartuko nuke", erantsi zuen.

Justiziaren aurrean egin beharreko agerraldia ironiaz hartu zuen Torrak: "Bazkariaren arabera (butifarra indabekin) emango dut erantzun bat edo beste bat".

lazo amarillo

Gatazka piztu zuen pankarta

Fiskaltzak eskaerari eutsi dio

Francisco Bañeres Kataluniako fiskal nagusiak esan du Generalitatearen presidenteak desobedientzia delitua egin zuela Hauteskunde Batzordearen aginduari muzin eginda, eta gaineratu du egunak pasa ahala errespetu instituzionala galtzen joan zela, eta jarrera horretan "goia" jo zuela Palauko pankarta kendu eta ia berdina zen bat jarri zuenean.

"Akusatuak errespetu instituzional falta areagotu zuen, eta goia jo zuen" martxoaren 21ean lazo horidun pankarta lazo zuria zuen pankartarekin ordezkatu zuenean eta Hauteskunde Batzordearen aurkako kereila aurkeztu zuenean, Bañeresek amaierako txostenean azaldu duenez.

Bañeresek, gaurko saioan, kritikatu egin du Torrak batzordearen "agindua betetzeko prestutasunik eza", nahiz eta, bere esanetan, eskumena zuen eta bere gainetik zegoen aginduak emateko.

Ministerio Publikoak Torraren aurkako 20 hilabeteko gaitasungabetze eskaerari eutsi dio, eta salatu du "agerraldi publiko guztiak" aprobetxatu zituela presidenteak, " "bere burua adierazpen askatasunaren defendatzaile gisa aurkezteko" eta Hauteskunde Batzordearen "aurkako iritzia agertzeko".

Sindic de Greugesek, bitan, agindua bete egin behar zela adierazi zuela gogorarazi du Bañeresek, baina hala ere, Torrak entzungor egiten zuela.

Era berean, Hauteskunde Batzordea Generalitateko presidentearen, Gobernuaren eta hauteskunde prozesuan parte hartzen duten botere publiko guztien gainetik dagoela defendatu du.

Kronologia

Hauteskunde Batzordeak sinbolo horiek erretiratzeko eskatu zion Torrari martxoaren 11n, "partidistak direlako, eta, beraz, Administrazio zein botere publikoek ezin dituztelako erakutsi hauteskunde garaian, neutraltasun eta objektibitatea urratu gabe", baina Torrak alegazioa aurkeztu zuen. Martxoaren 18an ezezkoa eman zioten eta Hauteskunde Batzordeak 24 ordu eman zizkion Torrari sinbolo horiek erretiratzeko.

Torrak idatzia aurkeztu zuen auzia argitzeko eta bitartean agindua bertan behera uztea eskatuz.

Martxoaren 21ean lazo horia zeraman pankarta antzeko beste batekin estaltzeko agindua ematea leporatzen diote Torrari. Bigarren pankarta horrek ere preso kataluniarren askatasuna eskatzen zuen, baina xingola horiaren ordez txuri bat zuen, marra gorri batez gurutzatuta:

pancarta lazo

Aurreko pankarta ordezkatu zuena

Auziko epaile instruktorearen idatziak dio Torrak ez zituela sinboloak erretiratu Hauteskunde Batzordeak bi aldiz eskatu arren (martxoaren 11n lehenik eta 18an bigarrenez), eta ez zituela 22ra arte kendu, martxoaren 21ean epaileak Mossoei behin betiko kentzeko agindua eman arte, alegia.

pancarta

Geratu zen azken pankarta

Horrela, TSJCko Fiskaltzak urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna eskatzen du Torrarentzat.

Herri akusazio gisa aurkeztu den Vox alderdiak, berriz, bi urteko inhabilitazioa eta 72.000ko isuna eskatzen du.

Torrak elkarrizketari berrekiteko eskatu dio Sanchezi

Epaiketa horren bezperan, elkarrizketa kaleratu du Ara egunkariak, eta, bertan, Quim Torrak esan du ez duela espero inhabilitatzea.

Espainiako testuinguru politikoari dagokionez Generalitateko presidenteak adierazi duenez, elkarrizketari berrekin beharra dago Madrilgo Gobernuarekin "berdinen artean guztiaz hitz egiteko", eta horretarako "bitartekari, errelatore edo dena delako izena izango duen figura hura errekuperatu behar da". Figura horrek "negoziaketa prozesu serio eta sinesgarria osatzen lagunduko du", gaineratu du.

Sanchezen inbestidura bere alderdiaren botoen menpe egongo balitz egingo luketenaz galdetuta, Torrak argi esan du: "Guk jada ezezko botoa eman genion, eta ez diogu inoiz botorik emango ezeren truke. Ez dugu inondik inora txeke zuri gehiagorik emango".

Proces-aren epaiaren ondoren Katalunian izan diren liskarren inguruan, Torrak goraipatu egin du "herritarrak ahaldundu eta kalera masiboki eta modu baketsuan atera izana".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa