Politika -
Otsailak 15
Ehun dinamika berriak 'Euskal Errepublika duina praktikara eraman nahi du'
"Desagertzen ari den Estatu baten" aurrean "Euskal Errepublika duin" bat "beharrezkoa" dela uste dute Libe Zubizarreta eta Asier Sanz Ehuneko bozeramaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal errepublikaren aldeko ekimen berria aurkeztu dute gaur hainbat herritarrek Donostian, eta otsailaren 15ean 'Euskal Errepublika' aldarrikatzera deitu dute. "Burujabetza eskatzetik praktikara eramatera pasa behar da, Espainiako eta Frantziako legediak gauza bat ala bestea esan, eta horretarako, ez dugu baimenik eskatuko", ziurtatu dute agerraldian.
Dagoeneko, Hendaia, Urruña, Mungia, Bera, Pasaia, Errenteria, Oñati eta Tolosako herritar talde batek dinamikarekin bat egin du, baita Donostiako Antigua, Igeldo, Amara eta Añorga auzoek ere. "Desagertzen ari den Estatu baten" aurrean, "Euskal Errepublika duin" bat "beharrezkoa" dela esan dute Libe Zubizarreta eta Asier Sanz Ehuneko bozeramaileek.
Gainera, "Espainiak eta Frantziak ez dute eta ez dute izango egoera konpontzeko borondaterik", esan dute. Horregatik, "Estatu baten tresnak lortu behar ditugu gure arazoak konpontzeko", nabarmendu dute. Helburua lortzeko "itxarongo ez" dutela ohartarazi dute.
Etxebizitzaren salneurri altua, pentsio baxuak, sexu-erasoak, saltokien itxiera eta presoen sakabanaketa salatu dituzte idatzi batean, eta Frantziak eta Espainiak gaioi "heltzeko borondate politikorik" ez dutela nabarmendu dute.
"Hemen gaude, gure arazoak konpontzeko Estatu baten tresnak bereganatzea beharrezkoa dela uste dugun herritarrak. Horregatik, Espainiatik eta Frantziatik atera eta Euskal Errepublika aldarrikatzea ezinbestekoa dela uste dugu", adierazi dute aurkezpenean.