Politika -

Nafarroa

Esparza: 'Chivite Barkosek zuzentzen duen Gobernu baten buru da'

Nafarroako Gobernu berria osatu zenetik 100 egun bete dira, eta Navarra Suma koalizioko bozeramaileak balantzea egin du. "Gobernu ikaragarri ahula da", adierazi du.

Javier Esparza Navarra Sumako (NA+) bozeramailea. Argazkia: EFE/Villar Lopez
Javier Esparza Navarra Sumako (NA+) bozeramailea. Argazkia: EFE/Villar Lopez
Javier Esparza Navarra Sumako (NA+) bozeramailea. Argazkia: EFE/Villar Lopez

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernu berriaren kudeaketa deitoratu du Javier Esparza Navarra Sumako (NA+) bozeramaileak, Exekutiboak 100 egun bete dituenean. Exekutibo "ikaragarri ahula" da, "Chivite buru da, baina Barkosek zuzendu" eta politikak markatzen ditu, kritikatu duenez.

Nafarroako Gobernu berria osatu zenetik 100 egun bete dira, eta Navarra Suma koalizioko bozeramaileak balantzea egin du prentsaurrekoan. "100 egun ehun kargudun berrirentzako, gobernu ikaragarri ahula, politika abertzaleekin aurrera jarraitzeko", laburbildu du Esparzak.

Gobernu egitura handitu izanari buruz, "Maria Chiviteren kolokazio agentziak" 100 kargu berri baino gehiago sortu dituela deitoratu du erregionalistak; izan ere, legealdian zehar 20 milioi euroko kostua izango dute. Nafarroako Exekutiboa 9 kontseilaritza izatetik 13 izatera pasa da agintaldi berrian.

Horrela, "nafarrek egunero 12.600 euro ordainduko ditugu, nahiz eta egituraren hazkundeak justifikaziorik ez eta alderdien beharrizana izan", erantsi duenez. Zerbitzuak hobetu ez dituztela uste du Esparzak, eta itxarote-zerrendak areagotu direla adibide moduan jarri du.

Bestalde, "euskal independentismoaren menpe" egotea leporatu dio presidente sozialistari. "Chivite buru da, baina Barkosek zuzentzen du", esan duenez. "Lauko Gobernuak egin zituen politika berdinak egiten ari dira, politika abertzaleak", gaineratu du.

"Abertzaleei hizkuntzarekin politika egitea buruan sartu zaie, eta Chiviteren Gobernuak hizkuntza politika zuzentzeko iragan legealdiko kontseilari bera jarri du", azpimarratu du buruzagi erregionalistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos Jose Javier Esparza Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Navarra Suma María Chivite